Galdera horren erantzuna eta gaiari buruzko beste hainbat kontu izan zituen hizpide Amaia Arranz Otaegui (Tolosa, 1987) historialari eta arkeologoak, joan den eguenean, Elgoibarren eman zuen hitzaldian. Illunberri Achademiak eta Elgoibarko Izarrak elkarlanean antolatu duten 'Mitoaren eta historiaren arteko ur nahasietan' izeneko zikloko azken hitzaldia izan zen 'Iraultza Neolitikoa' izenekoa.
Amaia Arranz historian lizentziatua da (2009) eta Arkeobotanikan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (2015). Historiaurrean aditua, bere ikerketaren zati handi bat Asiako hego-mendebaldean garatu du (Siria, Jordania eta Iran). Bere ikerketa ildoak dira, besteak beste, Historiaurreko landare-dietaren azterketa, basa-landareen erabilera eta ondorengo etxekotze-prozesua. Ikerlari lanetan aritu da Copenhageneko Unibertsitatean (2015-2020), eta Marie Sklodowska-Curie proiektu baten buru izan zen Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionalean (2020-2021), Asiako hego-mendebaldeko azken ehiztari-biltzaileek eta lehen nekazari-komunitateek kontsumitutako elikagaien hondakinak aztertzeko.
Gaur egun, Ikerbasque ikerlaria da, UPV/EHUn afiliatua, eta ERC Starting Grant beka baten jabe da. Bere ikerketak, batez ere, Asiako hego-mendebaldeko azken ehiztari-biltzaileen eta lehen nekazarien elikagaiak landare-oinarria zuela ulertzen lagundu du, arkeobotanikaren, etnoarkeologiaren eta arkeologia esperimentalaren bidez ideia eta hipotesi berriak ekarriz.
Aurkikuntza, ogirik zaharrena
Historiako liburuak aldatuko dituen aurkikuntza bat egin zuen Tolosako arkeobotanikariak: 15.000 urteko ogi zati bat aurkitu zuen Jordaniako Basamortu Beltzeko aztarnategi batean. Horri buruz ere berba egiten du Aita Agirre Kulturgunean eman zuen hitzaldian.
Mitoaren eta historiaren arteko ur nahasietan zikloa
Hiru hitzaldiz osatua egon da Mitoaren eta historiaren arteko ur nahasietan zikloa. 'Gipuzkoako nafar gazteluak. Elosuko kasua aztergai' hitzaldia izan zen aurrenekoa, Andoni Larrañaga historialariaren eskutik (ikus bideoan). Bigarren hitzaldian Euskal matriarkatuaren inguruan jardun zuen Cira Crespo Cabillo historialariak (Bartzelona, 1980) . Ikus hemen Crespok eman zuen hitzaldia.