Illunberri Achademiak eta Elgoibarko Izarrak elkarlanean antolatu duten Mitoaren eta historiaren arteko ur nahasietan izeneko zikloko azken hitzaldia izango da, hirugarrena, hain justu ere. 'Gipuzkoako nafar gazteluak. Elosuko kasua aztergai' hitzaldia izan zen aurrenekoa, Andoni Larrañaga historialariaren eskutik (ikus bideoan). Bigarren hitzaldian Euskal matriarkatuaren inguruan jardun zuen Cira Crespo Cabillo historialariak (Bartzelona, 1980) . Ikus hemen Crespok eman zuen hitzaldia.
- “Iraultza neolitikoa” izenburua edukiko du Amaia Arranzek irailaren 25ean, eguena, emango duen zikloko azken hitzaldiak. Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da, 19:00etan. EHUko Historiaurrean doktorea izateaz gainera, Arranz Ikerbasque fundazioko ikerlaria ere bada. Euskadin ikerkerta zientifikoa sustatzea helburu duen zientziarako euskal fundazioak aitortza egin zion iaz Arranzek eta beste bi emakume ikertzailek eginiko lanari. Era berean, ‘Zientzialariak eta Berritzaileak’ plataformako kidea ere bada.
Hizlariak aurreratu duenez, “Iraultza neolitiko” terminoak gizakia ehiztari-biltzaile izatetik laborari-abeltzain izatera iragaten deneko aldaketa multzoari egiten dio erreferentzia. "Sedentarizazioa eta lehen hiriguneen sorrera; jabego pribatuaren agertzea; gizatalde komunitarioetatik familia nuklear patriarkaletara iragatea;… ustez, gizakia laborari egitearekin batera, eta laborari egitearen ondorio dira. Iraultza adierak, gainera, aldaketen bapatekotasun eta berariazkotasuna iradokitzen du. Azken aurkikuntzek, haatik, eztabaida ezinezkoa zirudien paradigma auzitan jarri dute”.