Sanbartolomeak

Etxegiña taldekoek bota duten txupinazoarekin hasi dira 2025eko San Bartolome jaiak

Barren 2025ko abu. 23a, 19:24

Aurten ehun urte bete dituen Etxegiña taldeko ordezkariek piztu dituzte jaiak, eta koplak ere abestu dituzte txupinazoa bota aurretik. 

Negu beteko ohitura uda bete-betera ekarri dute Etxegiñakoek Kalegoen plazan abestu dituzten santa eskeko koplekin. Iñigo Legorburuk abestu dituen bertsotan Kepa Urain ere izan dute akorduan, joan den ekainean zendu baitzen ia 40 urtean Etxegiña taldeko koplari izandakoa. Gero, Etxegiñako lau ordezkari udaletxeko balkoira igo dira festei hasiera ofiziala eman duien suziria piztera. 

1925ean irten zen kalera estreinakoz Santa Eskeko Etxegiña Taldea, Santa Ageda bezpera egunez. German Uriguen Ormaetxea Etxegina izan zen taldearen sortzaile eta sustatzaile nagusia, eta osasunak lagundu zion bitartean eutsi zion tradizioari. Haren seme Ramonek jarraitu zuen gero taldearen arduran, eta Jon Peli Uriguen bilobak dihardu gaur egun taldearen buru.

Ermuko Guencallen jaio zen German Uriguen Ormaetxea 1898ko urriaren 11n. Eibartar armagina zuen aita, Damaso Uriguen, eta ermuarra ama, Saturnina Ormaetxea. Aittittarengandik zetorkion familiari Etxegina gaitzizena, etxegintzan aritzen zelako, eta hala ezagutzen dira gaur egun ere uriguentarrak. Bizitzak Elgoibarrera eraman zuen gero. 1923an hasi zen lanean Elgoibarko Gabilondo lantegian eta, gero, Sigman. 1925ean ezkondu zen Valeriana Soduperekin eta hiru seme-alaba izan zituzten: Lourdes, Garbiñe eta Ramon. Kanturako eta bertsotarako zaletasuna gazte-gaztetatik zekarren Germanek. Ermuan eta Eibarren 1915erako hasia zen Santa Agedako koroak sortzen eta 17 urteko mutikoa zela abestu zituen estreinako aldiz berak sortutako Salbearen zortzi ahapaldi. 19 urterekin egin zuen lehen agerraldia bertsolari gisa Ermuko Sallabenteko jaietan. Bat-bateko bertsolaritzan ere aritu zen 1931tik 1933ra, eta plazetan abesteaz gain, txapelketetan ere hartu zuen parte: esaterako, 1960an Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketan Durangaldeko bigarren geratu zen, laugarren 1962an eta bosgarren 1964an. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, bestalde, hirugarren egin zuen 1960an. 1981etik aurrera bere omenezko Etxegina Bertso-paper Lehiaketa antolatu zuen Elgoibarko Izarrak, gerora idazlan lehiaketa bihurtu zena.

1980. urtera arte bera izan zen Etxegiña taldeko koplaria. Osasun arazoengatik laga zion koplak kantatzeari, eta 1981ean, Kepa Urainek hartu zion erreleboa. Hasiera batean Uriguen sendatu artekoa zuen egitekoa, baina 2018ra arte jarraitu zuen Urainek kantuan. Joan zen ekainean hil zen Urain.

Otsailean ospatu zuen taldeak mendeurrena, eta orain sanbartolomeei hasiera eman diete, udaletxeko balkoitik txupinazoa botata.