Kepa Urain hil da, urteetan Etxegiña taldeko koplaria izandakoa

Barren 2025ko eka. 20a, 13:33

Kepa Urain Ibarluzea hil zen atzo Arrasaten, 85 urte zituela. Santa Eskeko Etxegiña taldean hasi zen koplari German Uriguenen ondoren, eta osasunak lagundu zion bitartean eutsi zion zeregin horri. Etxegiña taldeak 100 urte bete ditu, eta ekitaldira etortzerik izan ez bazuen ere, omenaldia jaso zuen Urainek mendeurreneko ekitaldian. 

Kepa Urain Ibarluzea urteetan Etxegiña taldeko koplaria izandakoa hil zen atzo Arrasaten, 85 urte zituela. 1981ean hartu zion lekukoa German Uriguen Etxegiñari kopla kantuan, eta hari agindu zion moduan, osasunak lagundu zion bitartean eutsi zion ardurari. 2018an laga zuen koplari postua.

1960. urtean dagoeneko taldean ateratzen zen kantuan, soldadutzara joan aurretik. Mendarokoa zen sortzez, eta 1972an ezkondu eta Arrasatera joan zen. Arratsaten ere bertsolaritza munduan jarraitu zuen, eta  Santi Kortaberria Etxegiñako kidearekin sarri biltzen zen Urain, santa eskeaz berba egiteko. Etxegiñak ezin zuela koplari jarraitu jakinarazi zion Kortaberriak, eta haren lekuko izatea proposatu zion.  Urainek ezin izan zion ezetzik eman. 1981eko abenduan German Uriguen joan zitzaion makilarekin, Santa Eskearen jarraipenarekin kezkatuta. Kepak agindu zion urte bete egingo zuela, baina beste norbaiten bila hasteko. 38 urte egin zituen koplari lanetan, 2018an erretiroa hartu zuen arte.