Sanbartolomeak

Etxegiña taldekoen koplak, jaiei hasiera eman aurretik

Barren 2025ko abu. 23a, 17:53

Etxegiña taldeko ordezkariek piztu dituzte aurten sanbartolomeak, eta txupinazoa bota aurretik bost bertso abestu zituzten plazan.

Santa eskean estreinakoz irten zirenetik ehun urte bete direla ospatu dute aurten Etxegiña taldekoek; eta, urteurrena borobiltzeko, San Bartolome jaietako txupinazoa botatzeko ohorea eta ardura izan dute.

Etxeginako hainbat kide eskerako zapiak lepoan zituztela agertu ziren plazara, eta Jon Peli Uriguenek berba batzuk esan zituen guztien izenean. Eskerrak eman zizkion Elgoibarko Udalari txupinazoa botatzeko proposatu izanagatik, eta urtero moduan lanean jarratzeko pizgarria dela adierazi zuen. "Dakigun hori egiten eskertuko dugu gonbidapen hau, koplak kantatuz", esan zuen. Uriguenek palestinarrak ere gogoan izan zituen eta Israel palestinarrekin egiten ari den sarraskiaz gogoeta egitera animatu zituen bertaratutakoak. 

Honatx Iñigo Legorburuk eta taldekideek abestu zituzten bost bertsoak (ikus bideoan):

San Bartolome bezpera dogu
abuztuak hogeita hiru,
jai girua dogu Elgoibarren,
Plaza Haundixa testigu,
Santa Eskeko ohitura zaharrak
kopla honek dakarkigu,
Ehun urte betetzea bait da
Elgoibartarren meritu!

German hasi zan une hartatik
pasa dira ehun urte,
Santik ta Ramonek jarraituta
hona ekarri gaituzte,
Ixidor eta Felix haundia
ezin ba utzi aparte,
eta Kepak eman izan digu
koplatzearen bertute.

Emakumeak ere baziren
lan ixila sukaldean
gaurko egunez jun zan Maria,
Juli ta Gloria tartean,
gaurko taldean ezinbesteko,
funtsezko santa eskean,
gizartean hor aurrerakuntza
dogu berdintasunean.

Elgoibartarren babesarekin
indartsu dago taldea
urtero jasotzen den babesa
benetan paregabea
denda eta elkarte guztiak,
zabalduz bere atea,
guk sentitzen dugun maitasuna
ezinezko azaltzea.

Kepak aurten utzi bagaitu be,
betirako da gurekin
berak idatzitako koplekin 
ezin dugu ta huts egin,
otsailean aterako gera,
urtero legez ere fin,
bitartean gozatu Elgoibar,
San Bartolome jaiekin!

 

Etxegiña taldekoak koplatan sanbartolomeetan. Arg: M. Askasibar / Elgoibarko Udala.