Santa eskea

Jon Peli Uriguen: “Aittittaren eta aitaren bideari segida eman eta 100. urteurrenera iristea ohorea izan da”

Ainhoa Andonegi 2025ko urt. 31a, 15:43

Jon Peli Uriguen, Etxegina taldeko arduraduna, mendeurreneko liburuarekin. BARREN

German Uriguen 'Etxeginaren' biloba da Jon Peli Uriguen, eta bera da gaur egun Santa Eskeko Etxegina taldearen arduraduna. Aittittak ekin zion bideari, aitak hartu zuen gero lema eta berak eutsi dio kantuan eta eskean ibiltzeko tradizioari gaur arte. Aurrera begira itxaropentsu dago. Taldean inplikatutako jendea dagoela uste du eta Etxegina taldeak etorkizun oparoa duela.

Santa Eskeko Etxegina taldeak 100 urte bete ditu. Berezia izango da aurtengoa, ala?
Bai, dudarik gabe. Berezia izaten ari da dagoeneko. Iazko ekainean hasi ginen pentsatzen zer egingo genuen mendeurrena ospatzeko, eta batetik, liburu bat kaleratzea pentsatu genuen. Nire ideia izan zen hasiera batean, baina berehala batu zen proiektura Iñaki San Martin Soarte, eta bion artean osatu dugu. Nik testuen ardura izan dut bereziki, eta bera arduratu da irudiekin eta diseinuarekin. Informazio pila bat batu dugu, eta saiatu naiz modu arin batean idazten, ez izateko oso astuna. Ibilbide polita izan da niretzat liburua egitea. Gauza asko banekizkien, baina informazio berria ere jaso dut, eta bitxikeria batzuk ere bai. Lore Laspiurrek, esaterako, Elgoibarko Izarrako Imanol Larrañagari cassette bat eman zion, santa ageda jartzen zuelako. Ez zekien zer egongo zen zintan grabatuta, baina pentsatu zuen interesgarria izan zitekeela. Cassettea entzun ahal izateko aparatua erosi behar izan nuen, pentsa! Juan Mari Iriondok 1974an Euskadi Irratian gure aittittari eginiko elkarrizketa bat zegoen. Soinua ez da oso ona, baina entzuteko moduan dago eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Juan Mari berarekin ere harremanetan jarri naiz, eta gonbidatu dut urteurreneko ekitaldira. Ea etortzerik daukan.
Liburuaz gain, erakusketa bat ere antolatu dugu, eta gaur arratsaldean zabalduko dugu. Hilaren 9ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. Gehien bat argazkiak jarri ditugu ikusgai, baina egongo dira santa eskeko elementu historiko bereziak ere: aittittak erabiltzen zuen makila, alkandoraren bat, Katalotzaren soinua... Hau guztia jasotzeko webgune bat sortu dut (etxeginataldea.eus) eta han bilduko dugu informazio guztia. Liburuan bertan dago webgunerako QR kodea.

Iñaki San Martin 'Soarte' eta Jon Peli Uriguen mendeurreneko liburuarekin.

Bihar irtengo da Etxegina taldea 100. aldiz kantuan eta eskean kalera, baina ez da ohikoa izango.
1924an hasi ziren kantuan lehenengoz, baina urteren batzuetan huts egin izan dute, beraz taldeak mendea bete duen arren, ez da kalera irtengo diren ehungarren aldia izango. Gerra garaian, aittitta kartzelan egon zen 38 hilabetez, eta pare bat urtez kale egin zuen taldeak. Eta gu ere, pandemiaren ondorioz, bi urtetan ez ginen irten. Dena dela, bihar beti bezala 09:00etan irtengo gara eskera bi taldetan banatuta, baina ohikoa baino laburragoa izango da kalejira, 13:30ean udaletxean harrera ekitaldia egingo digutelako. Omenaldi eta sorpresaren bat daukagu prestatuta. Errosario kalean amaituko dugu, salbea kantatuz, eta Baltasarren bazkalduko dugu.

Nola sortu zen Etxegina taldea?
Ermukoa zen nire aittitta, eta Elgoibarrera etorri berria zen orduan. 1924an ezkondu zen Baleriana Soduperekin. Barrutia tabernan zegoela, Agustin Barrutia jabeak kopla kantuan hasteko erronka bota zion. Kantatzearen truke, ardoa eman zieten. Urtebete geroago kalean eta baserrietan kantatzen hasi ziren, eta dirua batzen zuten trukean. Hasierako urteetan beraientzako izaten zen bildutako dirua, baina 1928. urte inguruan beharra zutenentzako biltzen hasi ziren. Urtero erabakitzen zuten dirua nori eman, eta horretarako batzorde bat zuten. Nire aittitta, aita eta Santi Kortaberria biltzen ziren eta herriko parrokoari, alkateari eta pertsona esanguratsuenei galdetzen zieten urte horretan nork behar zuen dirua herrian. Urte baten erabaki zuten kanpotik Elgoibarrera lanera etorritako gizon bati ematea. Hanka moztu zioten lan-istripu baten ondorioz, eta garai hartan ez zeudenez gaur egungo laguntzak, hari ematea erabaki zuten. Gizon hark eskertu zuen diru hura, baina kopuru harekin hemen ezer gutxi egingo zuela pentsatuta, bere herrialdean taberna bat zabaltzea erabaki zuen. Extremadurakoa zela uste dut, eta dirua hartuta hara joan zen. Kritika handiak jaso zituen batzordeak, eta ordutik Caritas elkarteari ematen diogu dirua urtero.

Nola bizi izan duzu zuk santa eskea?
Umetatik bizi izan dut nik santa eskea. Umetako argazki batzuetan neu baino makila handiagoarekin ageri naiz. Gaztetan egon nintzen urte batzuk kanpoan, ikasten, eta kale egin nuen santa eskean, baina gerora berriz ere batu nintzen taldera. 1998an aita hil zenean, nik hartu nuen taldearen ardura, baina beti egon da taldean oso jende inplikatua. Jende eta elkarte askok kolaboratzen dute gurekin, eta saiatu gara horiek guztiak jasotzen liburuan. 100 urte asko dira, eta seguru norbait ahaztu zaigula, baina saiatu gara laguntzen diguten guztiei eskerrak ematen.

German Uriguen 'Etxegina', seme Ramon eta biloba Jon Peli eta Sabinekin.

Uriguen abizena santa eskeari oso lotuta dago Elgoibarren. Zer da zuretzat abizen hori izatea?
Badauka pisua, egia esan. Sentitzen dut ardura bat, eta ez dut huts egin nahi, jende asko dabilelako gure bueltan, ilusio handiarekin. Baina ez nago bakarrik, bultzada handia ematen didate eta denon artean lortu dugu honaino iristea. Ardura da, baina poza ematen du. Ohore bat izan da aittittak eta aitak egindako bideari segida eman eta 100. urteurrenera iristea.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu taldea?
Erreleboa izan zen aittittaren eta aitaren kezka nagusia. 80. urtean aittitta makal zegoen, eta hurrengo urtean Kepa Urain irten zen kopla kantuan. Printzipioz urte hartarako zen, baina 2018ra arte egon zen. Orain Ignacio Mugertza eta Iñigo Legorburu aritzen dira. Jende gaztea ere sartu dugu taldean, eta azken urteotan Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleek ere hartzen dute parte. Herriak gainera oso ondo hartzen gaitu, jendeari gustatzen zaio santa eskea, eta uste taldeak etorkizun oparoa daukala. Ez dakit Uriguen abizenekoren bat izango den nire ondorengoa, baina hori gutxienekoa da. Jende ona dago taldean, eta edonork hartu dezake ardura. Elgoibarren gainera Elgoibarko Izarrakoak ere ibiltzen dira baserriz baserri, eta orain Atxutxiamaikak familian ere egiten du santa eskea. Positiboa da hori tradizioari eusteko.

Erlazionatuak