Errezabal egoitza egiteko lanen hasierarekin ziklo bat itxi dela uste dute Pilar Ikastetxeko guraso taldean aritutakoek. "Egun handia da gaurkoa guretzat, benetan pozgarria da azkenean egoitza egi bihurtuko dela ikustea", adierazi du Manu Kondek.
Hamabost urtetik gora igaro dira Pilar ikastetxea egon zen lekuan zahar etxe bat eraikitzeko asmoaren berri eman zutenetik, baina hainbat arrazoi tarteko atzeratuz joan da proiektua. Pilarreko komunitateko kide izan ziren hiru lagunek aitortu dute zain egotea luze egin zaiela: "15 urte donazioa egin genuenetik, baina horren aurretik beste bost edo sei urte eman genituen lanean. Gotzaitegia ere bazegoen tartean, eta ez zen erraza izan eraikina Udalari lagatze hori. Apaizek ez zizkiguten lana erraztu", gogoratu du Vicente Rementeriak.
Nekane Aranburu hunkituta zegoen, eta proiektu hau egi bihurtzeko lan egin duten komunitate osoarekin gogoratu dela aitortu du: "Benantzio parrokoak berak ere lan handia egin zuen eraikina Udalaren esku lagatzeko, ikastetxeko gurasoek, irakasleek... ezin dugu inor ahaztu".
Ikastetxetik zahar-etxera
San Biator Kongregazioak Pilar Ikastetxea itxiko zuela jakinarazi zuen 2004ko martxoan. Matrikulazio kopuruaren beherakada eta ekonomikoki ikastetxea finantzatu ezina argudiatu zituzten. Itxieraren aurkako hainbat ekimen egin zituzten ikasleek eta gurasoek, baina erabakiak atzera bueltarik ez zuela ikusita, arazoari adarretatik heldu eta ikastetxea kudeatzeko ardura bere gain hartzea erabaki zuen Pilar ikastetxeko Errezabal Guraso Elkarteak. Sei urtez lortu zuten ikastetxea martxan mantententzea, harik eta 2010ean ikastetxearen ateak behin betiko itxi zituzten arte. 1946tik egon zen funtzionamenduan Pilar Ikastetxea eta
Guraso Elkartea eta Gipuzkoako elizbarrutia ziren, erdibana, Pilar Ikastetxea zegoen eraikina ustiatzeko eskubideen jabeak. Negoziazio konplexu xamar batzuen ostean, biak ados jarri eta ondare guztia Udalari ematea erabaki zuten, zahar-etxe bat egiteko baldintzpean. 2009an sinatu zuten akordioa eta lursaila 2010ean pasa zen Udalaren jabetzara. Garai hartako udal arduradunen aurreikuspenen arabera, 2012an hasi behar zituzten zahar-etxea eraikitzeko lanak, baina ez zen horrela izan. Garai hartan Martin Garitako Ahaldun Nagusiak gidatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak begi onez ikusi zuen lursail horretan zahar-etxe bat eraikitzeko proiektua, baina atzeratzea erabaki zuten, bizi zuten ekonomi krisi egoeran beste lehentasun batzuk zeudela argudiatuta. 2013. urteko udazkenean hasi zituzten eraikina eraisteko lanak, baina urteak pasa behar izan dira eraikuntza lanak hasteko. Aparkaleku moduan erabili dute orubea urteotan.
2019ko otsailean zahar etxe berria 2022rako eraikita egongo zela adierazi zuen Markel Olano ahaldun nagusiak Elgoibarrera egin zuen bisitan. Gero, 2023ko maiatzean, zahar-egoitzaren eraikuntza eta kudeaketa esleitu zituen Aldundiak. Harrezgero, obren hasierari buruzko data bat baino ere eman dituzte agintariek, baina atzo hasi zituzten lanak.