Markel Olano: "Pilarreko adinekoentzako egoitza 2022rako eraikita egotea aurreikusten dugu"

Barren.eus 2019ko ots. 28a, 11:49

Pilarren ehun lagunentzako zahar etxea eraikitzeko lankidetza hasi dute Elgoibarko Udalak eta Foru Aldundiak. Zahar etxe berria 2022rako eraikita egotea aurreikusten dutela adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak gaur, Elgoibarrera egin duen bisitan.

"Berri on bat da elgoibarrentzat eta Gipuzkoa osoarentzat", esan du Markel Olano ahaldun nagusiak Pilar ikastetxea egon zen lurzorua atzean zuela egin dituen adierazpenetan. Pilar ikastetxeak 2010ean amaitu zuen irakaskuntza ibilbidea, eta Pilar ikastetxeko guraso taldeak Elgoibarko Udalari eman zion ikastetxea dagoen lursaila, adinekoentzako zentro bat egiteko. Foru Aldundiak begi onez ikusi zuen proiektua eta lanak 2012an hastea aurreikusten zuten, baina krisiaren eraginez, adinekoen zentroa egiteko proiektua atzeratu egin zuten. 

Gaur, zahar etxea egiteko proiektua "martxan" dela jakinarazi dute Elgoibarko Udaleko eta Aldundiko arduradunek. "Foru Aldundiak nagusientzako egoitza eta eguneko zentroa berri bat egiteteko proiektua dauka eta adostu du dagoeeko protokolo bat, Elgoibarko Udalarekin lankidetza protokolo bat", jakinarazi du Olanok. Eraikinari dagokionez, hutsetik hasiko direla azaldu dute, aurrez aurkeztu izan diren proiektuak baztertuz. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera etorri da Olano Elgoibarrera.

 • San Lazaron bizi guztirako etxebizitzak

Pilar ikastetxea egon zen lurzorua emango dio Udalak Aldundiari, eta han 100 lagunentzako lekua edukiko duen zahar etxea eraikitzea adostu dute. San Lazarok 48 lagunentzako lekua du. Egoitza berria martxan jartzen dutenean, San Lazaro itxi egingo dute, eta eraikin hori Udalari traspasatuko dio Aldundiak, bertan bizi guztirako etxebizitzak egiteko.
Aldundiak, beraz, zahar etxea eraikitzeko "konpromisoa" hartu du, eta era berean, zahar etxearen azpian lurrazpiko aparkalekua egiteko konpromisoa ere bai. Zahar etxeko langile eta bisitariez gainera, herritarrek ere erabili ahalko dituzte aparkalekuok. Zahar etxe honi esker, Debabarreneko itxaron zerrendak jaitsi egingo direla adierazi du Olanok, eta Aldundiak adineko pertsonen ongizatean eta bizi-kalitatean duen konpromisoa berretsi du. Une honetan 38 laguneko itxaron zerrenda dago Debabarrenean. Horren harira, Legealdi amaierarako, zahar etxe eta eguneko zentroetan 361 plaza berri sortuko dituztela esan du.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak, bestalde, Elgoibarko Udalak adinekoen alorrean egiten duen lana nabarmendu du, eta gaineratu du bere legegintzaldiko ardura nagusienetarikoa izan dela adinekoen ongizatea bermatzea. Hitzarmen honekin Elgoibarrek pausu garrantzitsua eman duela nabarmendu du.

 • Eguneko zentroa

Uparitzaga kalean eraikiko duten eguneko zentro berriko lanak ere bisitatu dituzte agintariek. Uparitzaga kalean eraiki berri dituzten Babes Ofizialeko Etxebizitzen beheko solairuan egongo da 350 metro koadro inguruko azalera izango duen azpiegitura berria. Zentro berria udarako martxan egotea aurreikusten du Udalak. Pilarreko zahar etxea martxan jartzen dutenean, baina, hara leku aldatuko dute eguneko zentroa.

2019 02 28 eguneko zentroa elgoibar markel olano bisita

2019 02 28 markel olano pilar zahar etxea elgoibar udala barren

∞Lotura duten albisteak: