Hasi dituzte Errezabal zahar-etxea eraikitzeko lanak

Barren 2025ko uzt. 15a, 14:44

15 urteren ondoren, gaur hasi dituzte Errezabal egoitza izango dena egiteko lanak, eta ondo bidean, bi urteko obra izango dela aurreratu dute arduradunek. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun nagusiek eman dituzte proiektuaren eta obraren inguruko xehetasunak.

Eider Mendoza diputatu nagusia eta Maite Peña zainketa eta gizarte politiketako diputatua etorri dira Aldunditik, eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin batera, Ion Zubiaurre hirigintza saileko zinegotzia eta Andrea Arriola kultura zinegotzia eta Pili Iranzo gizarte zerbitzuetako zinegotzia izan dira Udaleko ordezkariak gaur egin duten ekitaldian. 

Ezaugarriak eta unitate bereziak

Pilar ikastetxea egon zen orubean eraikiko dute gizarte zerbitzuetarako zentroa izango den azpiegitura berria, 10.500 metro karratuko orubean, eta guztira 169 plaza izango ditu, 129 egoitzarako eta 40 eguneko zentrorako.

Egoitzako plazak bizikidetza unitateka banatuko dituzte, eta guztira bost unitate izango ditu. Horietatik bi bereziak izango dira: bata, 20 plazako unitate psikogeriatrikoa izango da, eta bestea, nahasmendu mentalak dituzten adiekoentzako espezializatua, 21 plazarekin.

Eraikinak sei solairu izango ditu, eta sotoan aparkalekua eraikiko dute, 75 autorentzako lekuarekin. Elgoibar 2023 Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zioten obra eraikitzea eta baita 10 urtez kudeatzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dituzte. Ondo bidean, 2027ko uztailerako egongo da egoitza erabilgarri. (ikus hemen eraikinak izango duen itxura)

Instalazio berria eta modernoa

Arduradunek emandako azalpenen arabera, egoitza berriko instalazioak modernoak, irisgarriak, ingurunean integratuak eta komunitatearekin lotuak izango dia. Eremu zabalak izango ditu, berdeguneak, terrazak eta jantokia. Eider Mendoza diputatuak nabarmendu du egoitza berri hau eraikitzeak erakusten duela aldundiak adinekoei eta laguntza behar dutenei arreta duina eta kalitatezkoa ematearekin duen konpromisoa. Errezabal egoitza Elgoibarko tokiko zaintzaren ekosistemaren ardatz nagusia izango dela adierazi du, eta Debabarreneko beharrei erantzungo diela.

Maite Peñak ere proiektuak Elgoibarrentzat zein Gipuzkoarentzat izango duen garrantzian nabarmendu du. Haren esanetan, pertsonak erdigunean jarriko dituen zaintza-eredu berritzailearen erreferente izango da Errezabal egoitza.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak ere pozez hartu du obraren hasiera, eta gogora ekarri du honaino iristeko bidea erraza izan ez den arren, merezi izan duela. Proiektu honek Elgoibarrentzat eta bailara osoarentzat duen garrantzi estrategikoa azpimarratu du, eta gaineratu du aukera bat dela adinekoen edota zaurgarritasun egoeran dauden arreta hobetzeko. 

Herritarrentzako bilera, gaur

Errezabal proiektuari buruzko xehetasunak emateko herritarrentzako bilera egingo dute gaur arratsaldean, 17:00etan, Aita Agirre Kulturguneko bilera gelan. Jakinarazi dutenez, proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta herritarren ekarpenak jaso. 

∞Lotura duten albisteak: