Guztira 63 auto lehiatu ziren zapatuan jokatu zuten XVII. San Miguel Rallysprintean, tartean 31 emakume: bost pilotu eta 26 kopilotu. Zortzi urteko geldialdiaren ostean, iaz berreskuratu zuten San Miguel Rallysprinta. EME automobilismo kirol klubak antolatu zuen estreinakoz, emakumez osatutako klub aitzindari eta bakarra. Lehiaz harago, automobilismoan diharduten emakumeei ikusgarritasuna ematea izan zen estreinakoz emakumeek antolatu zuten rallysprinteko helburuetako bat.
Aurten rallysprinta antolatzea “errazagoa” izan dela aitortu dute EMEkoek: “Iaz egin genuen lanik potoloena, lasterketa bat antolatzea zer zen jakin gabe sartu ginelako mundu horretan; aurten, eskarmentu txiki horregaz, hobeto ibili gara”. Hala, “berrikuntza txikiak” jarri dituzte martxan aurtengoan, hala nola, goizeko ekintza Etxebarrian egin beharrean Elgoibarren egin zuten. Egiaztapen administratibo eta teknikoak pasatu zituzten baimendutako auto guztiak Kalegoen plazan elkartu ziren, irudi ikusgarria osatuz. Autoak 13:30ean atera ziren parke itxitik Etxebarrirantz: erlojupeko ibilbidea Etxebarritik abiatzen baitzen. 10,63 kilometroko ibilbidea osatutu behar zuten Elgoibarren zegoen helmugaraino. Partaideek hiru alditan errepikatu zuten ibilbidea.
Saizar eta Apalantza nagusi
EME eskuderiako kideak diren Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak “erritmo bizian” osatu zituzten hiru txandak, eta hiruretan izan ziren azkarrenak. Bigarren posturako estuagoa izan zen lehia. Ibon Otaegi eta Leire Odriozola (BMW E46) nagusi izan ziren bi erlojupekoetan eta lau segundutako abantailaz abiatu ziren azken erlojupekoan, baina ibilbidea amaitzear zela istripua izan zuten, eta lehiatik kanpo geratu ziren. Hala, iazko irabazle Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel (M3 E36) sailkatu ziren bigarren postuan. Gorka Idigoras eta Andoni Perez de Villarreal (Peugeot 208 R4) igo ziren piodiumeko hirugarren koskara.
Emakumeen parte hartzea gora
Antolatzaileak “pozik” daude probak eman zuenarekin, eta emakumezkoen parte hartzean egon den errekorra azpimarratu dute, 31 emakumeek parte hartu baituzten, —iaz 30 izan ziren—. Gainera, estreinaldia izan da bost emakumerentzat. EME eskuderiako kide Oihane Uranga markina-xemeindarrak eta Ane Zapirain astigartarrek debuta egin zuten pilotu lanetan, eta beste hiru emakume kopilotu lanetan aritu ziren estreinakoz: Nuria Sebrango eta Ane Arizmendiarrieta markina-xemeindarrak eta Olatz Betanzos muxikarra, hain zuzen ere.
Rallysprinta hasi zuten 63 autoetatik 41ek soilik amaitu zuten lasterketa, eta hori “gora beherarik gabe aurrera ateratzeko”, antolakuntzako lana azpimarragarria izan zela esan dute EMEkoek.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote babesle guztiei, eta boluntario lanetan aritutakoei ere bai. “Guztien konpromezu eta lanari esker atera zen hein handi batean lasterketa horren ondo”, adierazi dute. Bestalde, ikusleei ere eskerrak eman dizkiete, “ibilbidea garbi eta txukun uzteagatik”, eta baita bizilagunei ere. Era berean, Kastinparro taldekoei ere eman dizkiete eskerrak haien aldetik jaso duten laguntzagatik eta babesagatik. Babesa eman dieten hiru Udalei ere eman dizkiete eskerrak.
Argazkiak: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala eta Roberto Sanchez.