Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel gailendu dira San Miguel Rallysprintean

Barren 2024ko uzt. 3a, 19:05

Zortzi urteko etenaren ostean, EME automobilismo kirol klubaren eskutik itzuli da XVI. San Miguel Rallysprinta, eta pozik daude antolatzaileak zapatuan Etxebarria eta Elgoibar artean jokatu zuten auto lasterketak eman zuenarekin.

Izena emanda zeuden 72 autoetatik 68 irten ziren azkenean errepidera eta 54k lortu zuten lasterketa amaitzea, jokatu zituzten hiru txandak osatuz. Goizean euri asko egin zuen eta eguerditik aurrera gutxiago egin zuen arren, errepide bustian lehiatu ziren gidariak. Ikusle kopuruan ere izan zuen eragina eguraldiak, baina jarraitzaile sutsuenak gerturatu ziren ibilbideko bihurgune eta leku ikusgarrienetara.
 Ikullu Razing taldeko Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel izan ziren azkarrenak, Hyundai I20 R5 autoarekin. Bigarren postuan Hamaika eskuderiako Aitor Saizar eta Alazne Apalantza berriatuarrak sailkatu ziren, Peugeot 207 S2000 batekin. Podiumeko hirugarren koskara Ikullu Razing taldeko Iker Etxeberria eta Alain Agirre (BMW M3) igo ziren. (ikus sailkapenak)

Elgoibartarren emaitzei dagokionez, Unai eta Ainhoa Usobiaga anai-arrebak 14. postuan sailkatu ziren. Iñigo Plazaola kopilotu elgoibartarra zortzigarren postuan sailkatu zen, Jesus de la Fuente gidaria 26. postuan eta kopilotu lanetan aritu zen Iñigo Arresek ez zuen proba bukatu.

 Sailkapenak, mailaz maila:

  • Mikel Gandiaga - Anton Gandiaga, 1. Maila + 1.6 Kopa
  • Gorka Aginaga - Mikel Madinabeitia, 2. Maila`+ 2RM Kopa
  • Unai Ponce - Araitz Ortega, 3. Maila + Propultsio Kopa
  • Garikoitz Lopez - Ioritz Garmendia, 4. Maila
  • Iker Etxeberria - Alain Agirre, 5. Maila
  • Aitzol Apalantza - Olatz San Miguel, 6. Maila
  • Ioritz Buldain - Mikel Zubizarreta, 10. Maila
  • Unai Usobiaga - Ainhoa Usobiaga, H1
  • Markel Guenetxea, junior pilotu onena
  • Koldo Betanzos, junior kopilotu onena

 Lehiaz harago, automobilismoan diharduten emakumeei ikusgarritasuna ematea izan da estreinakoz emakumeek antolatu duten rallysprinteko helburuetako bat. Hala, Etxebarrian egin zuten sari banaketan euskal errepideetan erreferente izan diren emakumeek hartu zuten parte, besteak beste, Domeka Vera, Ane Zapirain eta  Sandra Fernandez. Horrez gain, EME eskuderiak probaren estreinako edizioan, 2004an, parte hartu zuten bi emakumeak omendu zituen, Karmele Ibarrola eta Ainara Gonzalez. Oroigarri bana eman zieten eta gero eurek banatu zizkieten sariak aurtengo irabazleei eta lehen sailkatuei. 

Sari banaketa ekitaldia, Etxebarrin. Arg: Ander Zelaia.


EME kirol taldekoek balorazio positiboa egin dute zapatukoaz eta publikoki eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei, jakinarazpen eta arau guztiak errestetu osoz betetzeagatik, bereziki. "Boluntario guztiei eta babesa eman diguten guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Eta, nola ez, gure eskerrik beroenak ibilbidean batutako ikusleei eta Etxebarriko bizilagun guztiei, lasterketako orduetan zehar sortu zitezkeen ezustekoen aurrean emandako erantzunagatik. Azkenik, txalo handi bat eman nahi diogu Kastinparro Eskuderiako lagunarteari, lasterketa antolatzeko emandako laguntzagatik".

Urtiako errebueltan:

Argazkiak: BARREN eta Mikel Askasibar