Ekainaren 28an jokatuko dute San Miguel Rallysprinta, Etxebarria eta Elgoibar artean

Barren 2025ko eka. 25a, 11:10

EME automobilismo kirol klubaren eskutik itzuli zen iaz San Miguelgo Rallysprinta, zortzi urteko etenaren ostean. 

2016. urtetik jokatu gabe egon eta gero, XVI. San Miguel Rallysprinta jokatu zuten iaz Aiastiako errepidean, eta estreinakoz emakumeen antolatuta, EME Automobilismo Kirol Klubak berreskuratu baitzuen proba. Lehiaz harago, automobilismoan diharduten emakumeei ikusgarritasuna ematea izan zen estreinakoz emakumeek antolatu zuten rallysprinteko helburuetako bat.

Iazkoan 68 autok parte hartu zuten, eta Ikullu Razing taldeko Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel izan ziren azkarrenak, Hyundai I20 R5 autoarekin (ikus hemen iazko sailkapenak, mailaz maila)

Errepide itxiera eta probaren hasiera

Euskadiko Rallysprint txapelketarako proba puntuagarria izango da zapatu honetan, ekainak 28, jokatuko duten San Miguelgo Rallysprintaren 17. edizioa. 13:30ean itxiko dute Aiastiarako errepidea eta 15:00etan irtengo da lehen parte hartzailea.

Briefinga eta parke itxitik irteera Kalegoen Plazatik egingo dute 13:00etatik aurrera, hau da, Kalegoen plazan batuko dira parte hartuko duten ibilgailuak. Etxebarritik irtengo dira parte hartzaileak eta 10,63 kilometroko ibilbidea osatuta Elgoibarren izango dute helmuga, Metala parean. Sari banaketa ekitaldia Etxebarrian egingo dute.