Beharbada sarriegi erabiltzen da historikoa berba, kazetaritzan bereziki, baina San Miguel Rallysprintaren 16. edizioak historikoa izateko osagai guztiak ditu. Estreinakoz emakumek bakarrik antolatu duten auto lasterketa izango dela da proba berezia izateko osagai nagusia, baina ez bakarra. Orain dela bi urte sortu zuten Emakumeak Automobilismoan elkarteko kideek Eme automobilismo taldea sortu behar izan dute automobilismo proba hau antolatu ahal izateko. Taldeko presidentea den Oihane Urangak eta presidente ordea eta auto gidaria den Monika Muñozek eman zituzten zapatuko lasterketaren eta taldearen inguruko azalpenak, astelehen arratsaldean Belaustegi baserrian egin zuten aurkezpen ekitaldian. Elgoibar eta Etxebarri erdibidean dagoelako aukeratu zuten Belaustegi. Elgoibarko Alkate Maialen Gurrutxagak eta Etxebarrikoak, Jesus Iriondok, ere hartu zuten parte aurkezpenean, eta baita Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakari Angel Gurrutxagak ere.
Elkartetik kirol taldera
Autoen munduan emakumezkoak bistaratzeko helburuarekin elkartu ziren zaletasuna partekatzen duten hogei bat emakume, azken urteetan emakumeen parte hartzea nabarmen handitzen ari zela ikusita. Hori izan zen Emakumeak Automobilismoan elkartea sortzeko abiapuntua. Emakumeak ikusgarriago egiteko zeregin horrekin bat egin zuten Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko Automobilismo Federazioetako arduradunek, eta erronka bota zieten andrei. "Ikusgarritasunaren alde ari bazarete, zergatik ez zarete ausartzen lasterketa bat antolatzera, eta antolakuntza eremu desberdinetan emakumeok lan egitera?, esan ziguten federaziotik. Erronka onartu genien, gure helburuak lortzeko modu egokia dela iruditu zitzaigulako, ...eta begira non gauden, rallysprinta jendaurrean aurkezten", esan zuen Urangak prentsaurreko agerraldian. Horretarako, baina, lanean "sendo eta gogotsu" aritu dira azken hilabeteetan. Lehen lana kirol klub bat eratzea izan zen, burokraziak bultzatuta, proba bat antolatzeko beharrezko baldintza baita. Gero, zer proba antolatu erabakitzea izan zen hurrengo pausoa. Oihane Uranga berak eta Emeko taldekide Alazne Apalantzak azaldu dizkigute nolakoa izan den prozesua eta zergatik erabaki zuten San Migel Rallysprinta berreskuratzea, 2016an azkenengoz jokatu zen proba (goiko bideoan).
Errekorren edizioa
72 autok eman dute izena rallysprintean parte hartzeko, eta horietatik 30 emakumezkoak izango dira, tartean bost gidari, inoiz baino gehiago. "Proba bakoitzean bi edo hiru kopiloto emakumezko egotetik, gaur egun probako 20-25 emakumezko izatera pasa dira automobilismo probak, eta San Miguel Rallysprintean 30 emakumek eman dute izena, parte hartzaileen %20tik gora, eta horietako bost izango dira gidariak, sekula baino gehiago", azaldu du Urangak. "Gogotsu ari gara lanean, eta lasterketa aurreko emaitza hauek ikusita, bidea egoki irekitzen ari garen ondorioa atera genezake. Automobilismoak bizirik dirau eskualde honetan, gizon zein emakumezkoen parte hartzeari esker. Izan ere, 40 dira eskualdeko parte hartzaileak, 20 pilotu moduan, eta hor Markina Xemeingo Mirari daukagu pilotu gisa arituko dena, eta beste hogei kopiloto lanetan arituko dira, tartean zortzi emakumezko: Mireia Saizar, Eneritz eta Jone Urzuriaga ahizpak, Idaira Agirregomezkorta, Maite Lekuona, Maialen Arrieta, Ainhoa Usobiaga eta Andrea Lopez".
Elgoibartik bi piloto eta hiru kopiloto lehiatuko dira, tartean Ainhoa Usobiaga eta Andrea Lopez kopiloto elgoibartarrak.
Zozketa solidarioa
Proba antolatu ahal izateko finantziazioa lortzea izan dutela erronka handiena aitortu dute antolatzaileek. Laguntzak eta babesleak lortzeaz gain, dirua lortzeko bide berriak erabili dituzte, eta horietako bat izan da zozketa solidarioa bat egitea. Aterako duten diruaren erdia, baina, Inurri elkarteari eman diote, minbizia ikertu, landu eta dibulgatzeko lana ikuspegi feministatik egiten duen elkarteari.
Hona Belaustegin egin zuten prentsaurreko agerraldiaren laburpena: