Arabako patatekin eta umorearekin amaitu da Tertuliak programaren ikasturtea

Barren 2025ko eka. 20a, 15:49

Arabako patata fresko eta goxoak ekarriko zituztela Elgoibarrera agindu zuten Aitor Vinagret eta Ane Gebara aktoreek, eta emandako hitza betez, patatekin azaldu ziren, baina baita ilusioarekin ere.

Tertuliak programan parte hartu duten lagunek, eta nahi izan zuten herritarrek, Patata minak antzezlana ikusteko aukera izan zuten atzo Kultur Etxeko sotoan.

Euskaraz hitz egin nahi baina, arrazoi ezberdinengatik, horretarako aukerarik ez dutenentzako programa da Tertuliak, gutxi eskatu eta asko ematen duen egitasmoa, sustatzaileen esanetan. eta ikasturtea kultur saio desberdin batekin amaitzeko ohitura dute azken urteetan: magiarekin, bertso-saioekin, edo kasu honetan moduan antzerkiarekin bukatu izan dute ikasturtea. 45 bat lagun bildu ziren oraingoan, Patata minak antzezlanaren emanaldian. Euskara sustatzeko helburuarekin, arabarren eguneroko bizipen eta klixeez beteriko antzezlan komikoa da Patata Minak, Ane Gebara eta Aitor Vinagret antzerkigileek sortua. 

Emanaldiaren amaieran, urtero moduan, opari bana eman zieten Tertuliak programako talde buruei eta mokadu batekin agurtu zuten ikasturtea. Hurrengo ikasturtea Tertuliak programaren 25. ekitaldia izango da. 

Argazkiak: Imanol Larrañaga.