Tertuliak programako jendeari bertsolaritza erakutsi eta bertsolarien emanarekin gozatzeko antolatu zuten ekimena programaren eragileek: Elgoibarko Izarrak, Elgoibarko Udalak, AEK euskaltegiak eta Udal Euskaltegiak. Bertsotarako gaiak eta ariketak, gainera, Tertuliak programako jendeak prestatu zituen, Irati Agirreazaldegi kazetari eta bertsolariaren laguntzarekin.
Ekimenaren amaieran, Tertuliak programako sei talde-dinamizatzaileek erregalu bana eta jendearen txaloak ere jaso zituzten, egiten duten lanaren ordainetan.
Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago Tertuliak, euskaraz jarduteko aukera eskaintzeko eta 39 lagun inguruk parte hartu dute aurtengo ikasturtean, sei taldetan banatuta. "Bakoitzak dakiena praktikan jarri eta ez dakiena ikastea da lortu nahi dena. Horretarako, talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat dago, eta bere ardura izaten da tertulia saioak dinamizatzea", azaldu dute programako arduradunek. Irailaren amaieran hasi ziren eta bederatzi hilabetez jardun dute astean behin tertulian; 35 ordu inguru, denera. 2001ean sortu zen Tertuliak programa.
Ikus Tertuliak Bertsotan, bideoan: