Aurten 37 lagunek jardun dute Tertuliak programan, eta urtero moduan saio berezi batekin agurtu dute ikasturtea. Iaz Tertliak bertsotan saioan parte hartzeko aukera izan zuten tertuliakideek, eta magia saioan aurtengoan, Magia Tertulia! ikuskizunean. Kultur Etxeko sotoan izan zen, atzo, eta 60 lagun bildu ziren, herritar ororentzat irekia zen emanaldian. Nialak, Alain Zulaika mago elgoibartarrak, ordubeteko magia-ikuskizuna eman zien, eta aho-zabalik laga zituen bere magia eta mirariekin.
Talde-dinamizatzaileei aitortza
Magia ikuskizuna amaitu zenean, Tertuliak programako zazpi talde-dinamizatzaileek erregalu bana eta jendearen txaloak jaso zituzten egiten duten lanaren ordainetan (goiko irudian).
37 lagunek parte hartu dute aurtengo ikasturtean, zazpi taldetan banatuta; 25 emakumezkoak izan dira eta 12 gizonezkoak. Irailaren amaieran hasi ziren eta bederatzi hilabetez jardun dute astean behin bildu eta ordubetez tertulian; 35 ordu inguru, denera.
Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituztenei zuzenduta dago TERTULIAK programa, eta euskaraz jarduteko aukera eskaintzea da programaren helburua. Bakoitzak dakiena praktikan jarri eta ez dakiena ikastea da lortu nahi dena. Horretarako, talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat dago, eta bere ardura izaten da tertulia saioak dinamizatzea.
2001ean sortu zen Tertuliak programa. Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia eta Udal Euskaltegia dira programaren eragileak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen du.
*Argazkiak: Imanol Larrañaga.
Argazki-bilduma