Elgoibarko bederatzi baserritan ekoiztutako sagardoa dastatzeko aukera izan zuten Lekuederreko karpara hurbildu ziren herritarrek: Juaristi Haundi, Ballegoiti, Azkue, Olazarraga, Antsolabazterra, Zulueta, Armazio, Gelasoro eta Amuskategi.
Herritarrek bi euroan edalontzia erosita nahibeste sagardo dastatzeko eta sagardo gogokoenari botoa emateko aukera zuten, eta 9. zenbakia zuen Amuskategiko sagardoak jaso zuen boto kopuru handiena, bigarren urtez jarraian, iazkoa ere irabazi baitzuten. Pozik jaso dute garaipenaren makila.
Txapelketako antolatzaileek, Zazpiki Elkartekoek, irabazleen xingola gaineratzen dute urtez urte irabazleen makilara. Armaziok du garaipen kopuru handiena, sei alditan izan baita irabazlea.
Zazpiki elkartekoek balorazio "oso positiboa" egin dute, eta sagardoen kalitatea "inoizko onena" izan zela diote. "Sagardo denak saldu genituen, eta kalitate berdintsua zuten denek. Erritmo politean joan zen sagardoen eta pintxoen salmenta, eta, urtero moduan, giro oso polita egon zen", adierazi dute. Bi baserrik estreinakoz parte hartu dutela ere nabarmendu dute, Juaristi Handik eta Ballegoitik, hain justu ere.