Armazio baserriak irabazi du Trinitateetako sagardo lehiaketa

Barren.eus 2023ko eka. 3a, 13:14

Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketak badu irabazlea: Armazio baserria. 13. urtez antolatu du lehiaketa Zazpiki elkarteak, eta Armaziok seigarren aldiz irabazi du. Jende asko ibili da sagardoa dastatzen, eta antolatzaileek esan dute aurtengo lehiaketak maila handia izan duela. 

 Trinitate jaiak ospatzen ari dira Elgoibarren goizean goizetik, eta feriaren barruan, sagardo lehiaketa egin dute goizean zehar. Elgoibarko bederatzi baserritan ekoiztutako sagardoak aurkeztu dituzte, eta herritarrek eman dituzte botoak. Aurtengoan ere, Armazio baserriak izabazi du, eta honekin seigarren garaipena eskuratu du. Antolatzaileak pozik agertu dira lehiaketak izan duen harrerarekin, eta bereziki, aurtengo sagardoen kalitatea nabarmendu dute. Irabazleak pozik jaso du berriz garaipenaren makila. Iñigo Loiola bera da baserrian sagardoa egiten duena, eta bere senideekin jaso du makila. Bistan da lehiaketari tamaina hartua diola, eta bere sekretua zein den ere azaldu digu: "Baserrian lurpean gordetzen dugu sagardoa, eta horrek tenpreatura mantentzen du urte guztian. Udazkeneko hego-haize egunak arriskutsuak izaten dira, eta lurpean egotean gure sagardoari ez dio eragiten. Urte guztiak 14-18 gradutan egoten da kupela". Horrez gain, altzairuzko kupela erabiltzen duela azaldu du, eta horrek berme handiagoa emanten dio bere ustez sagardoari. 

Trinitateen barruan, bestalde, hainbat abere ere ikusteko aukera egon da Aita Agirren, eta Kalegoen plazan margo erakustaldia egin dute zortzi margolarik. 

Arratsaldean umeentzako txaranga berezia egongo da, Mauxi eta Kiribilekin, eta gauean, berriz, nagusien danborrada, 23:00etatik aurrera. Bihar, bestalde, artisau azoka eta umeen danborrada egingo dituzte goizean zehar, eta arratsaldean erraldoi eta buruhandien kalejira. 

 

∞Lotura duten albisteak: