Ekainaren 11rako antolatu dute Beitiari eta Arakistaini aitortza egiteko ekitaldia, eta omenaldia egiteaz gainera, elkarrizketa labur bat ere egingo die ekitaldiko moderatzaile Jon Gurrutxagak.
JoTaSuatik jakinarazi dutenez, Realeko lehen taldearekin debuta egin duelako egingo diote aitortza Luken Beitia gazte elgoibartarrari. Beitiak 2024ko azaroan egin zuen debuta Realarekin Espainiako Errege Kopako partida batean eta otsailean jokatu zuen Lehen Mailako estreinako partida Realarekin.
Era berean, Arakistaini, Realarekiko izan duen konpromisoa eskertu eta futbolean egin zuen ibilbide "bikaina" goraipatu nahi dute. Jose Arakistain Arrieta goi mailako atezaina izan zen, bere sasoiko atezain onenetarikoa. C.D. Elgoibarreko jubeniletan zegoela, Realak fitxatu zuen eta 123 partida jokatu zituen talde txuri-urdinarekin: 1954-1955etik 1960-61era. Real Madrid taldeak fitxatu zuen 1960-61 denboraldian, eta Espainiako sei Liga txapelketa irabazi zituen talde zuriarekin 60ko hamarkadan, eta 1966ko Europako Kopa (gaur egungo Txapeldunen Liga) ere bai, finalean Belgradeko Partizani 2-1 irabazita.
Ekitaldi hunkigarria
Antolatzaileek aurreratu dutenez, bi omenduei oroigarri bana eman ostean, euren bizipenez, oroitzapenez eta ametsez galde egingo diete Realaren iragana, oraina eta etorkizuna uzartuko dituen saioan. Ekitaldi "hunkigarria" izango dela esan dute, sentimenduz eta "txuri-urdin grinaz" betea. Realzale eta futbolzale guztiak parte hartzera animatu dituzte.
- Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da omenaldi ekitaldia, 19:30