Luken Beitiak (Elgoibar, 2004) Espainiako Errege Kopako partida batean egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin, iazko azaroan, Jove Español San Vicente taldearen aurka Alacanten jokatutako partidan, hain justu ere. Atzo, berriz, Lehen Mailako Liga txapelketan aurreneko partida ofiziala jokatzeaz gainera, estreinakoz jokatu zuen zaleen aurrean Realaren lehen taldearekin. Beitia 83. minutuan zelairatu zen, Aritz ordezkatuz. Ordurako garaipena lotuta zuen Realak, 3-0 irabazten ari baitzen, eta amaierara arte eutsi zioten emaitzari.
Imanol Alguacil entrenatzaileak hasierako hamaikakoan sartu zuen Beitia Kopako partidan, eta asko gustatu zitzaion erdilari elgoibartarrak eginiko partida, eta zelaian izan zuen jarrera eta erakutsi zuen patxada azpimarratu zituen bereziki. "Futbola oso ondo ulertzen duela erakutsi zuen Kopako partidan eta baita patxada handiko mutila dela ere, horregatik, banekien Ligan jokatzeko ere prest dagoela", esan zuen zuen Orioko entrenatzaileak Beitiaz partidaren atarikoan, debutatzeko aukera izan zezakeela iradokiz.
Beitiak betirako gogoan izango du Leganesen aurkako partida, eta lagunekin ospatu zuen debuta, partida amaieran harmailetan zeuden lagunak besarkatzera joan baitzen. Une hori jasotzen duen irudia zabaldu du Realak sare sozialetan, honako mezuarekin: "Reale Arenan lehen taldearekin jokatu eta lagunekin ospatzea baino gauza hoberik ez dago".