Valentziako uholdeengatik atzeratutako Jove Español San Vicenteren aurkako partida atzo jokatu zuen Realak. Atzokoa dataz aldatzeko eskatua ere bazuen talde txuri-urdinak, Realak Athleticen kontrako euskal derbia jokatzekoa duelako domekan, azaroaren 24an, baina ez zioten onartu eta harrobiko jokalarietatik tira egin behar izan zuen entrenatzaileak deialdia osatzeko, selekzioekin jokatu duten futbolariei atsedena emana zietelako. Legeak arautzen du gutxienez lehen mailako 11 jokalari egon behar direla hamaikakoan, eta horietxek zituen justu Imanol Alguacilek prest atzoko partidarako: 11.
Deialdia Sanseko bederatzi jokalari gazterekin osatu zuen: Aitor Fraga atezaina, Iñaki Ruperez, Mikel Goti, Mikel Rodriguez, Jon Balda, Arkaitz Mariezkurrena, Alex Marchal, Ekain Orobengoa eta Luken Beitia elgoibartarra. Beitia hasierako hamaikakoan sartu zuen, gainera, Alguacilek eta ondo bete zuen bere lana jokalari gazteak.
Argazkian: Luken Beitia (ezkerrean), Sergio Gomez taldekidearekin. Argazkiak eta bideoak X sareko Realaren perfiletik hartutakoak dira.