Arakistain, sei Liga eta Europako Kopa irabazi zituen atezain elgoibartarra

Barren.eus 2023ko mar. 17a, 12:35

Athleticeko atezain izandako Jose Angel Iribarrek 80 urte bete zituen martxoaren 1ean, eta Ibaiganeko klubari mito bihurtu den zarauztarra omentzeko ekimena bururatu zitzaion, Ligako partida guztietan atezainek beltzez jantzita jokatzea 'Txopo' ezizenez ezaguna zen Iribarrek erabiltzen zuen janzkera gogora ekarriz.

Oihartzun zabala izan du ekimenak eta futbol talde ezberdinetako atezainek bere 80. urteurrena dela-eta egindako keinu guztiak "bihotzera" heldu zaizkiola esan du Iribar berak. Iribarri eginiko omenaldia ikusi eta gero, goi mailako atezaina izan zen elgoibartar bat etorri zitzaion gogora beste elgoibartar bati, Julian Azkueri, eta halaxe jakinarazi dio BARRENi: "Merezitako omenaldia jaso du Iribarrek, eta egin behar den unean, omendua bizi dela, sarri esaten delako hori, omenaldiak protagonista bizirik dagoela egin behar direla baina gutxitan betetzen delako. Niri, baina, Josetxo Arakistain etorri zait gogora Iribarri eginiko aitortza ikustean, bere sasoiko atezain onenetarikoa izan zen elgoibartarra. Josetxoren arrebarekin topo egin nuen kalean aurreko batean, eta anaiari buruz galdetu nionean esan zidan oraintxe bete dituela 86 urte". Hara hor beste parekotasun bat Iribarrekin, eta arrazoi bat gehiago bere ibilbidea goraipatzeko eta gogora ekartzeko.

Jose Arakistain Arrietak Espainiako sei Liga txapelketa irabazi zituen Real Madril taldearekin, 60ko hamarkadan, eta 1966ko Europako Kopa (gaur egungo Txapeldunen Liga) ere bai, finalean Belgradeko Partizani 2-1 irabazita. "Sekulako palmaresa dauka, barren!", dio Azkuek. Espainiako selekzioarekin Txileko mundiala ere jokatu zuen, 1962an. "Tamalez, elgoibartar askok ez dute guzti honen berri, eta horregatik jo dut zuengana, bere berri zabal ezazuen, gazteek eta jakin dezaten nor izan zen futbol munduan Arakistain", azpimarratu du Azkuek. Eskaerari erantzunez, hona Arakistainen futbol ibilbideko hainbat xehetasun.

Jose Arakistainek C.D. Elgoibarren hasi zuen futbol ibilbidea. Soraluzen jokatu ohi zen txapelketa batean egin zuen debuta, aurrelari gisa aritu bazen ere. Izan ere, taldean atezainik ez zutelako hasi zen bera atezain gisa jokatzen. Gero, Fleje taldean jokatzen hasi zen 16 urterekin, eta urtebetera egin zuen debuta Haundin. Arakistainek parte hartu zuen klubak 100 urte bete zituenean antolatu zituen ospakizunetan. C.D. Elgoibarrek futbol munduko izen ezagunez inguratuta hasi zituen mendeurreneko ekitaldiak 2017ko urtarrilean. Kirol taldeari lotutako itzal handiko lau jokalarik, tartean Arakistainek, parte hartu zuten Herriko Antzokian egin duten mahai inguruan eta Julen Lopetegi izan zen gonbidatu berezia. Lopetegik esan zuen Elgoibarrek sekula eman duen atezainik onena dela Arakistain, eta berari esker joan ahal izan zela Madrilera futbolean jokatzera ere aitortu zuen Lopetegik.

2023 03 17 2017 01 10 cd elgoibar mendeurrena aurkezpena arakistain lopetegi1

Arakistainen futbol ibilbidera itzulita, C.D. Elgoibarreko jubeniletan zegoela, Realak fitxatu zuen eta S.D. Eibar taldean jokatu zuen gero, Realak lagata, 1956an. Talde armaginarekin Espainiako Ligako Bigarren mailan jokatu zuen. 1956-57 denboraldian Realera itzuli zen, eta 1956ko abenduaren 2an debuta egin zuen zuri-urdinekin: Juan Bagur atezaina ordezkatu zuen Celtaren aurkako partida batean. Titulartasuna, baina, hurrengo denboraldian eskuratu zuen. Hurrengo denboraldiok ez ziren oso onak izan talde donostiarrarentzat, jaitsierako promozio bat ere jokatu baitzuen, baina Arakistainek nabarmentzeko moduko geldituak eta partidak egin zituen urte horietan, eta Espainiako selekzioaren deia ere jaso zuen. Real Madrid taldearen arreta erakarri zuen orduan, eta 1960-61 denboraldian fitxatu zuten. Madrilgo taldeak Agne Simonsson aurrelari suediarra eman zion trukean Realari. Arakistainek 123 partida jokatu zituen Realarekin, horietako 106 Lehen Mailan. Arakistain joan eta hurrengo denboraldian mailaz jaitsi zen Reala.

Atezain elgoibartarrak zazpi denboraldi osatu zituen Real Madrid taldearekin, eta izugarria da lortu zuen garaipenen uzta: sei Liga, Generalisimoaren Kopa bat eta Europako Kopa bat. Espainiako Futbol Ligako Lehen mailan gol gutxien jasotzen duen atezainari ematen zaion Zamora Saria jaso zuen talde zuriarekin jokatu zuen estreinako denboraldian (1961-62). Europako Txapelketako finalera ere ailegatu ziren denboraldi hartan, baina 5-3 galdu zuten Lisboako Sporting taldearen aurka. Denboraldi amaieran, Txilen jokatu zuten Munduko Txapelketa jokatzeko deitu zuen Espainiako selekzioak eta Brasilen aurkako partida jokatzeko aukera izan zuen Arakistainek, lehen faseko hirugarren partidan. Talde Hego Amerikarrak 2-1 irabazi zion Espainiakoari, eta txapelketatik kanpo gelditu zen Espainia. Lehen fasean Mexikori bakarrik irabazi zion Espainiak eta galdu egin zituen Txekoslovakia eta Brasilen aurkako neurketak. Garrincharen Brasilek irabazi zuen Munduko Txapelketa hura, finalean Txekoslovakiari irabazita.

2023 03 17 josetxo arakistain atezaina real madril baloiagaz
 • 'Ye-ye-en Real Madrila
60ko hamarkadan Espainiako liga nagusitasunez menderatu zuen Real Madrileko jokalari espainiar gazteen belaunaldia 'Ye-ye-en Madrida' edo 'Madrid yeye' moduan ezagutzen da. Arakistain izan zen kideetako bat, bereziki 1965-66 denboraldian lortu zuenagatik. Real Madriden jokatu zituen denboraldi guztietatik Liga Txapelketa irabazi ez zuen denboraldi bakarra izan zen. Betauncort aterazinak kendu zion titulartasuna eta elgoibartarrak ez zuen Ligako partida bakar bat ere jokatu. Europako Txapelketan txandan txandan ibili ziren arren, Arakistain izan zen finala jokatzeko aukeratua. Halaxe erabaki zuen Miguel Muñoz entrenatzaileak. Bruselako Heysel estadioan jokatutako finala irabazi zuen Real Madrilek, eskuratzen zuen seigarren Europako Kopa. Lorpen horri esker du lekua Arakistainek Real Madrilen "urrezko aroa" moduan ezagutzen den tarte horretan. Real Madrilek bost Europako Kopa irabazi zituen jarraian 1956tik 1960ra bitartean, Alfredo Di Stéfano argentinarraren eta Paco Gentoren gidaritzapean. Azken garaipenetik bost urtera eskuratu zuen seigarrena, jada atzerritarrik gabe, 'ye-ye'-en belaunaldiak, ordurako beteranoa zen Paco Gento kapitaina zutela. Arakistainekin batera, Enrique Perez "Pachín", Pedro de Felipe, Rafael Batista Hernandez "Felo", Manuel Sanchis Martinez, Jose Martínez "Pirri", Ignacio Zoco, Fernando Serena, Amancio Amaro, Ramon Grosso eta Manuel Velazquezek osatu zuten 'Madrid yeye'. Beatles taldearen "She Loves You" abestiaren koru ezagunetik hartu zuten izena, taldeko lau kide Liverpoleko talde ezaguneko kideen paperean agertu zirela-eta Marca egunkariko azal batean.
 • Europako Kopa irabazi zueneko bizipenak
Arakistain "oso harro" dago Europako Kopa irabazi zuen Espainiako jokalariz bakarrik osatutako belaunaldi hartako kidea izateaz. Halaxe idatzi zuen garaipen hura gogoratzeko 2019an argitaratu zuen iritzi artikulo batean: "Seigarren Kopa hura irabazteak ilusio berezia egin zidan, aurrez bi final galdu genituelako, horietako bat Eusebioren Benficaren aurka (5-3), ni atezain titular nintzela. Mozanbikeko izarrak gidatzen zuen talde hura sendoa zen oso, eta gurea iragan loriatua izan arren, gainbehera hasia zuen taldea zen. Hurrengo urteko finala ere galdu egin genuen, Milaneko Interren aurka, Di Stefanoren azken partida izan zenean. Final hura ez nuen jokatu, lesionatuta nengoelako, eta Vicente egon zen atepean". Hortaz, 'yeye'ek hirugarren saiakeran lortu zuten Europako Kopa irabaztea. "Urrezko aro baten ostean, trantsizio taldea ginen, eta gutxik uste zuten irabazi genuena irabazteko gai izango ginenik. Kemena eta gure arteko elkartasuna ziren gure indarguneak eta horiekin ailegatu ginen Bruselako finalera". Finalean inork gutxik espero zituenez, finalera lasai irten zirela gogoan du Arakistainek. Partizan taldeari buruz ezer gutxi ezagutzen zutela aitortzen du. "Gure taldeko entrenatzaileren bat joana zen haiek jokatzen ikustera eta egina zuen txostenen bat, baina ezert gutxi genekien beraietaz. Gutaz arduratu ginen gu, eta gure jokoa egiteaz bakarrik arduratu. Hala egitea gomendatu zigun Gentok aldageletan, nola ez genion ba kaso egingo, bost Europako Kopa irabaziak zituen gure kapitainari". Ez zela sufrimentu gabeko garaipena izan gogoan du atezain elgoibartarrak. Partizanek sartu zuen partidako lehen gola, baina Amancioren gol batekin bedindu zuen finala Real Madrilek eta Serenak eginiko urruneko jaurtiketa batekin irabazi zuen partida eta tituloa Madrilgo taldeak. "A ze poza eta festa izan genuena aldageletan eta itzulerako hegaldian. Sekula ez dut poz handiagorik ikusi".

Real Madril laga ostean, hiru denboralditan (1968tik 1971ra) Elche futbol taldean jokatu zuen Arakisainek eta azken denboraldia, 1972-1973koa, Castellonen jokatu zuen. Guztira hamasei denboraldi jokatu zituen Lehen Mailan. 

2023 03 17 josetxo arakistain atezaina real madril europako kopa finala brusela 1966

2023 03 17 josetxo arakistain atezaina real madril partizan finala brusela 1966 europako kopa