Estreinakoz dortsalekin arituko dira Elgoibarko Mendi Itzuliko eta Itzulitxoko partaideak, eta izen-ematea ere kirolprobak webgunearen bitartez bakarrik egin zitekeen lehendabizikoz. Izena emateko modu berriak ez dira oztopo izan, alderantziz, inoiz baino lagun gehiago apuntatu baitira. Iaz 540 lagun inguru izan baziren, ehun gehiago dira aurten izena emandakoak, 640 inguru, alegia. Eta horiei antolakuntza lanetan arituko diren 25 lagunak gehitu behar zaizkie. Morkaikotik azaldu dutenez, 300 lagunek eman dute izena bazkarirako; 100 umek eta 200 helduk.
Elgoibarko Itzuliko partaideak 6:00etan irtengo dira kalegoen plazatik, eta 38 kilometro inguruko mendi itzulia osatu beharko dute Elgoibar mendiz-mendi inguratuz. 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa du ibilbideak.
Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 8:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. 12 kilometroko luzera du ibilbideak eta 800 metro inguruko desnibel positiboa.
84 domina banatuko dituzte
Finalista Eguna ere egiten dute Morkaikoren Egunaren baitan. 2024ko maiatzetik 2025eko apirilera bitartean igotako mendiengatik jasoko dute aitortza 84 umek (iaz 82 izan ziren)
- 5 mendi igotzeagatik 27 umek jasoko dute domina
- 10 mendi igotzeagatik 24 umek jasoko dute domina
- 15 mendi igotzeagatik 7 umek jasoko dute domina
- 20 mendi igotzeagatik 7 umek jasoko dute domina
- 25 mendi igotzeagatik 14 umek jasoko dute domina
- 30 mendi igotzeagatik 2 umek jasoko dute domina
- 35 mendi igotzeagatik 3 umek jasoko dute domina