Gozamena eta sufrimendua uztartu dituzte mendizaleek

Barren 2024ko mai. 11a, 20:36

Elgoibar inguruko mendiak mendizalez bete ditu gaur Morkaikoren Egunak. Ia 600 lagunek hartu dute parte Elgoibarko Mendi Itzulian eta Itzulitxoan.

Eguraldiak izugarri baldintzatzen ditu mendi ibilaldiak. Iazkoan euritan aritu ziren mendizaleak eta izena emanda zeuden erdiak agertu ziren plazara. Aurten, aldiz, ez da eguraldiaren aitzakiarik egon: oskarbi egon da zerua goiz osoan eta mendian ibiltzeko tenperatura egokia eduki dute, eguerdi partera arte. Eguerditik aurrera Kalamua igo dutenek eskertuko zuketen iazko freskura apur bat, bero egiten baitzuen, 25 bat gradu. Ia 40 kilometro mendiz mendi egin ostean, gogorra egiten baita Kalamuako tontorreraino ailegatzea. Iruiturriko iturriak ohi baino bisita gehiago jaso ditu aurtengoan.


320 lagun Itzulitxoan 

Gazteen artean mendizaletasuna sustatzea da Morkaiko elkartearen eta Morkakoren Egunaren helburuetako bat, eta azken urteetan Itzulitxoa izaten ari den arrakasta ikusita, ari dira betetzen. 320 lagunek hartu dute parte aurtengo Itzulitxoan, asko eta asko Morkaikoren kamiseta berdea jantzita. Elgoibarko Mendi Itzulian 250 izan dira. Morkaikotik jakinarazi dutenez, inork ez du ezbehar aipagarririk izan eta giro onean joan da eguna.
Bazkaria emateko ohitura berreskuratu du aurten Morkaikok eta 240 bat lagunek hartu dute parte. Bazkaria ematen hasi zirenetik Jon Ulazia "Sahatzuk" laguntzen zien, baina hura zendu ostean -otsailean hil zen-, bazkaria prestatzeko enpresa bat kontratatu dute aurtengo bazkarirako. Hiru paella handi egin ditu eta horien atzean jarri dute Morkaikokoek Sahatzuren argazkia, Morkaikoren Egun batean sukaldari lanetan ageri dena.

Bazkaldu, aurretik, baina, Finalista Eguneko domina banaketa ekitaldia egin dute plazan.