Estreinakoz dortsalak aterako dituzte parte hartzaileentzako; eta, Elgoibarko Itzulian zein Itzulitxoan parte hartzeko izena ematen dutenek Morkaikok Errosario kalean duen egoitzan jaso beharko dituzte dortsalak. Proba jokatu aurreko egunean, maiatzaren 9an (18:30-20:00) eta proba egunean bertan, irteera aurretik (05:15-05:45) eskuratu ahal izango dira dortsalok.
Izen ematea, kirolprobak-en bakarrik
Elgoibarko Itzulia eta itzulitxoa egiteko nahitaezkoa izango da izena ematea, eta gainera, kirolprobak.com webgunearen bidez bakarrik egin ahal izango dela ohartarazi dute Morkaikotik. "Izena emateko, Kirolprobak orrian erabiltzaile bat sortu beharko da eta erabiltzaile honekin sartu. Hala ere, kontuan izan erabiltzaile batek nahibeste izen-emate egin ahal izango dituela", azaldu dute. Maiatzaren 7a izango da izena emateko azken eguna. 250 parte hartzailetan jarri dute muga Elgoibarko Itzulirako eta 300 parte hartzailetan Itzulitxorako.
Izena ematea honako guneetan egin behar da:
- Elgoibarko Itzulia – 37km (Morkaikoren Eguna)
- Elgoibarko Itzulitxoa 12km (Morkaikoren Eguna)
Bazkaria
Iaz berreskuratu zuten mendizaleentzako bazkaria ere eskainiko du Morkaikok. 18 urtetik gorakoentzako prezioa 20 euroan jarri dute eta 10 euro ordaindu beharko dituzte 18 urtetik beherakoek.
Elgoibarko Itzuliko partaideak 6:00etan irtengo dira kalegoen plazatik, eta 38 kilometro inguruko mendi itzulia osatu beharko dute Elgoibar mendiz-mendi inguratuz. 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa du ibilbideak.
Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 8:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. 12 kilometroko luzera du ibilbideak eta 800 metro inguruko desnibel positiboa.