Dominak jaso ohi dituzte saritzat, baina gaurkoan ezin izan dute halakorik egin. Morkaikokoek atzo jaso behar zituzten umeei emateko dominak, -diseinu berriarekin gainera-, baina kontua da ez zituztela jaso eta ezin izan dizkietela umeei eman, oraingoz. Iristen direnean entregatuko dizkietela agindu diete. Hala ere, ohi moduan egin dute Finalista Eguneko ekitaldia, eta umeak taldeka igo dira Kalegoen plazako frontoian zegoen oholtzara, urtean igotako mendiegatik gainerakoen txaloak jasotzeko.
2023ko maiatzetik 2024ko apirilera bitartean igotako mendiengatik jaso dute aitortza 82 umek (iaz 77 izan ziren). Gutxienez bost mendi igo behar ziren zerrenda aurkeztu eta domina lortzeko eta 15 lagunek jasoko dute domina bost mendi igoteagatik. 35 lagunek jasoko dute domina hamar mendi igotzeagatik, bederatzi lagunek hamabost mendi igotzeagatik, sei lagunek hogei mendi igotzeagatik, bostek 25 mendi igotzeagatik, zortzik 30 mendi igotzeagatik, batek 35 mendi igotzeagatik, bik 45 mendiko marka gainditzeagatik eta 60 mendi igo dituen lagun batek ere jasoko du merezitako domina. Ander Izagirrek eta Haritz Arrietak hartu dute parte ekitaldian. Morkaikoko Natur taldeko partaideak dira biak eta elgoibartarron artean naturaren ezagutza eta zaletasuna sustatzen dihardute azken uteetan.