Sugramas taldea berriz martxan jarri du Jon Gurrutxagak

Barren 2025ko mai. 9a, 11:40

Sugramas taldeko kideak. Arg: Jairo Berbel

Hainbat urteko etenaldiaren ostean, berriz martxan jarri du Sugramas taldea Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak.

2010ean kaleratu zuten Jon & Sugramas izeneko lana, eta hainbat kontzertu eman zituzten kanta haiek aurkezteko. Bakarkako musika ibilbideari ekin zion ondoren Gurrutxagak, eta albo batera laga zuen Sugramas proiektua. Orain, abesti eta taldekide berriekin, martxan jarri du berriro taldea. Jon Gurrutxaga bera izango da abeslaria; Andoni Etxebestek joko du bateria, Miguel Moral izango da baxujolea eta Andoni Badiola gitarra-jolea, eta dagoeneko lotuta dituzte hainbat emanaldi.

Maiatzaren 16an emango dute lehenengo kontzertua Durangoko Izki tabernan. Ekainaren 27an, berriz, Mendaron joko dute, Gararock jaialdiaren aurkezpen ekitaldian, eta abuztuaren 24an Elgoibarren aurkeztuko dute taldea, San Bartolome jaien barruan.