Jabi Sarasua elgoibartarraren Karmine jatetxeak Repsol Gidaren Eguzki sari bat jaso du

Barren 2025ko mar. 19a, 17:22

Jabier Sarasua eta Maria Escobedo neba-arreba elgoibartarrek kudeatzen duten Karmine jatetxeak 2025eko Repsol Gidaren Eguzki sarietako bat jaso du. 

Santa Cruz Tenerifekoan (Kanariar Uharteak) egin zuten sari banaketa, eta Sarasuak berak jaso zuen saria. “Lurraldeko sukaldaritza egiten dugu, gure probintzian aurkitzen ditugun produktuekin eta inguruko eremuetako errezetetan eta oinarrituta. Gure asmoa ez da sukaldaritza tradizional autentikoa egitea, hartatik abiatzea baizik, aukera eguneratu bat eskaintzeko”, adierazi zuen galan. Duela pare bat urte pasatxo zabaldu zuten Karmine jatetxea Gasteizko Herran kalean. Dastatze menu berezia eskaintzen dute, Valentziako eta Euskal Herriko zaporeak uztartuta. Carmina Tomás zuten ama, valentziarra, eta amaren omenez jarri zioten Karmine jatetxeari.

Sukaldari eta jatetxe onenak saritzen ditu Repsol Gidak. Michelin gidak nazioartean banatzen dituen izarren parekoak dira sariok Espainian. Sukaldaritzako bikaintasunaren sinbolo dira Eguzkiak eta hiru Eguzki dira ematen duten aitorpenik handiena. Aurten Pedro Sanchez eta Susi Diaz saritu dituzte 3 eguzkirekin, lehena Jaenen duen Baga jateteagatik eta Elchen duen La Finca jatetxeagatik Diaz. Hamazazpi jatetxek jaso dituzte bi eguzki eta 71 jatetxek eguzki bateko saria. Azken kategoria horretan saritu dute Karmine jatetxea Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako beste bost jatetxerekin batera.

90 saritu aurten

Eguzki bat emateko Repsol gidak hauxe hartzen du kontuan: "Lagun bati gomendatuko zeniokeen jatetxea da, eta askotan itzultzea pentsatzen ari zarena. Premisa da produktuaren kalitatea eta hazten joango den sukaldaritza zintzo eta koherentea egiteko asmoa. Zerbitzu arretatsu eta profesionala du, eta baita upategi zaindua ere. Bertara joateko kilometroak egiteak edo bidaia baten erdian hura ezagutzeak bertako esperientziak justifikatzen du".

Bi eguzki ematerakoan aldiz, jatetxean nabarmentzen dutena da "sukaldaritzak eboluzionatzen jarraitzeko heldutasuna eta potentziala. Anbizioa erakustea, teknika menderatzea eta lehengai onenak bilatzea. Arreta naturaltasunez eskaintzea eta ondo hausnartutako upeltegia izatea".

Saritu gehiago Elgoibarren eta Mendaron

Repsol Gidak ematen dituen gastronomia sarien kalifikazio gorena, hiru Eguzki, jaso zituen Jose Rojano sukaldari elgoibartarrak 2013an. Las Palmaseko (Kanaria Handikoa) Santa Catalina hotelean dagoen La Terraza jatetxean eginiko lanagatik saritu zuten. Mendaroko Landa jatetxeak ere jaso zuen Repsol Gidako Eguzki bat, 2019an. Eta, azkenik, Repsol Gidako ‘Soletes’ kategoria berrian sartu zuten Viento Sur Gastroteka 2021eko edizioan.