IMHko lehen ikasle promozioen topaketa egin dute

Barren 2025ko ots. 24a, 13:15

Elgoibarko lanbide heziketaren 125 urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, 1991 eta 2001 urteen artean IMHn lanbide heziketa ikasi zuten ikasle ohiak elkartzeko ekitaldia egin zuten zapatuan.

Gaur egun IMH Campus dena, Elgoibarko Lanbide Heziketako hezkuntza arloko profesional talde baten proiektu gisa sortu zuten 1986. urtean, Euskal Herriko enpresa eta erakundeen laguntza lortu ondoren, eta Makina Erremintaren Heziketa Teknikoko Fundazioa eratu eta gero. IMH Campus-eko egoitza 1991 urtean zabaldu zuten.

Lehen urte haietan IMHn lanbide heziketa ikasi zuten ikaslentzat ateak irekitzeko jardunaldia izan zen zapatuan egin zuten topaketa, eta 1991 eta 2001 urteen artean ikasle edo irakasle izandakoak zeuden parte hartzera deituta. Topaketara batutakoek ikasle garaiak gogora ekartzeko aukera izan zuten eta talde argazkia atera ostean, bisita gidatua egin zuten IMHko instalazioetan. Makina Eremintaren Museoan egin zuten luntxarekin amaitu zuten jardunaldia. "Aspaldiko aurpegi ezagunak, ikasle, irakasle zein lankide elkartu gara goiz atsegina elkarrekin gozatzeko", azaldu dute IMHtik. (topaketako argazkiak)

Lehen urte haiek moroimenetik irudietara ekartzeko, argazkiekin osatutako bideo bat ere sortu dute, honakoa:

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125 urteurreneko batzordeak urtean zehar gure lanbide heziketa irudikatuko duten hiru momentutan antolatu ditu ospakizun ekintzak, iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzeko.
Iraganeko ekintzak 2024ko irailean eta urrian egin zituzten, Elgoibarko Udalak antolatutako urteurrenaren irekiera ofizialarekin eta iraganari buruzko historia-tertulia kafe saioarekin.
Lanbide Heziketaren Oraina ospatzeko urtarrilean egin zuten lehen ekintza, Bosko Egunean. Bigarrena izan zen zapatukoa, lehen ikasle promozioen topaketa.

Bisita gidatua egin zieten ikasle ohiei. Arg: IMH Campus.