Elgoibarko Lanbide Heziketaren testuinguru historikoa azaltzeko kafe-tertulia egingo dute urriaren 23an Elgoibarren

Barren 2024ko urr. 21a, 18:16

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urtemugako ekintzen barruan, argazki proiekzioa eta kafe-tertulia antolatu dute urriaren 23rako Elgoibarren. 

Elgoibarko Jubilatuen biltokian egingo dute, 17:00etan hasita, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, bereziki Lanbide Heziketako irakasle, ikasle eta langile guztiak.

Pello Arrieta historialariak Elgoibarren Lanbide Heziketak gaur duen pisua izateko eman diren baldintzak aletuko ditu, argazki historikoez baliatuta. Atzera begirako bat izango da, Elgoibarko iraganari eskainitako berbaldia. Erdi Aroko burdinoletan aritzen ziren errementarien egitekotik hasi eta 60ko hamarkadara arteko errepasoa egingo du Arrietak eta tarte horretan Elgoibarko Lanbide Heziketaren historian izan diren mugarriak zehaztuko ditu, eraikin esanguratsuak erakutsiko ditu, eta historia egiten lagundu duten hainbat elgoibartar ekarriko ditu akordura. Arrietak berak azaldu duenez 60ko hamarkadako argazkia da proiektatuko duten berriena, eta irudi horien bidez Elgoibarren Lanbide Heziketako eskoletan eta enpresetan ofizioak erakusten egindako lana aitortuko da, balioan jarriz hasierako irakasle haiek eta gerokoek hartu zuten ardura eta ikasleek eurek egin zuten ahalegina. 
Antolatzaileek zehaztu dute kafea eta pastak izango direla kafe-tertuliara batzen diren guztientzat.

Erlazionatuak