Ekitaldian, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Elgoibarko alkateak eta izandakoek, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ordezkariek, Foru Aldundiko kideek, bailarako hainbat agintarik eta hezkuntza eta enpresa komunitateko ordezkariek parte hartu zuten.
Ezohiko osoko bilkura batekin hasi zuten Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urtemugako ekitaldi instituzionala. Udal Txistularien taldekoen atzetik sartu ziren pleno aretoan udal ordezkariak eta gainerako gonbidatuak, eta hartu zuen nork bere lekua: udal korporazioko kideak beren aulkietan, eta gainerako gonbidatuak, publikoan. Han ziren, besteak beste, Elgoibarko alkate izandako Jose Mari Oruesagasti, Jose Ignacio Elkoroiribe, Guillermo Garate, Maribi Agirregomezkorta, Alfredo Etxeberria eta Ane Beitia; Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordea; Iker Aldazabal, Foru Aldundiko Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusia; Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendari gerentea; Xabier Ortueta AFMko zuzendari orokorra; eta eskualdeko udaletako ordezkariak, tartean Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea; Lanbide Heziketaren 125. urtemugako batzordekide diren Axun Larrañaga eta Anton Bergara senar-emazteak, Edurne Bilbao, Iñaki Konde, Jesus Mari Astigarraga, Joxean Egaña, Jose Mari Bastida, Rikardo Astigarraga eta Pedro Mari Andonegi; Makina Erremintaren Historiazaleak taldeko Pello Arrieta; eta sindikatuetako, ikastetxeetako eta enpresa eta enpresa-elkarteetako ordezkariak.
Mahaiburuan, Maialen Gurrutxaga alkatea eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eseri ziren, eta haien albo banatan Jose Mari Beristain, Mekako zuzendaria, eta Alaitz Bastida, IMHko Lanbide Heziketako zuzendaria. Gonbidatuentzako esker-on berben ondoren, joan zen domekan hil zen Lucio Beitia Elgoibarko alkate izandakoa eta haren senide eta gertukoak izan zituen gomutan alkateak. Lanbide Heziketan irakasle ibilitakoa izan zen Beitia bera ere, eta hunkituta hitz egin zuen alkateak.
Aurkezpen lanak Garazi Ayesta kazetariak egin zituen, eta zuzenean jarraitu zuten ekitaldia Aita Agirre Kulturgunean bildu ziren beste zenbait gonbidatuk, telebista bidez. Lanbide Heziketako eskola sortzeko Udalak 1899ko irailaren 18an sinatu zuen agiriko pasarte batzuk irakurri zituen Ayestak, bai eta 1899an Marrazketa Akademia inauguratu zenetik Meka eta IMH zentroak finkatu ziren arte izandako gertaera garrantzitsuenen kronologia egin ere. Ondoren, Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko adierazpena sinatu zuten mahaiburuan eseri zirenek, zeinaren bidez hezkuntzarekin eta Lanbide Heziketarekin Udalak duen konpromisoa islatu zuten.
Marrazketa Akademia, herriko artisauek eskatuta
Artisautza-industriako langileen prestakuntza hobetzeko sortu zuten duela 125 urte Elgoibarren Marrazketa Akademia, herriko artisauek eskatuta, eta hastapen haiek gogoratu eta Lanbide Heziketak hezkuntza berrikuntzaren funtsezko alderdietan gaur duen erreferentzialtasuna lortzeko lanean jardun diren guztiak omentzeko ekitaldia izan zen funtsean. Izan ere, gaur, hezkuntza sistema berritua da Lanbide Heziketa, industria modernoaren beharretara egokitutakoa eta unibertsitatera zabaldua.
Lanbide Heziketaren historiari estuki lotutako lagunak
Ekitaldia, baina, ez zen udaletxeko osoko bilkuran ikusi zenera mugatu. Izan ere, beste dozenaka lagun elkartu ziren Aita Agirren, adierazpenaren sinatze-ekitaldia zuzenean jarraitzeko. Gonbidatuen artean aurpegi ezagun ugari zeuden, ekitaldiaren bigarren zatian protagonista izango zirenak zenbait. Lehenengo lerroan jarri zituzten Marrazketa Akademiako lehenengo zuzendari eta irakasle izan zen Bernardo Ezenarroren biloba, aitona zuenaren izen-abizen berekoa; Lanbide Heziketako eskola eraldatu eta ofizial bihurtu zuen Amadeo Aizpitarteren seme alaben ordezkaria -Juan seme gazteena-; eta Jesus Rementeria, Amadeoren garaiko lehen promozioko irakasle taldetik bizirik den bakarra. Baina gehiago ere baziren, jakina, denak ere Lanbide Heziketaren historiari estuki lotuak, izan agintariak, irakasleak, ikasleak eta inguruko enpresetako ordezkariak; areto bete lagun guztira. Ikusi genituen, adinekoen artean, besteak beste, Jesus Bilbao, Elgoibarko Industria Ikaskuntza Eskolako lehen promozioko ikaslea; Ignacio Mugertza, Estartan artezteko makinetako zuzendari teknikoa izandakoa; Pedro Agirregomezkorta AGME enpresako kudeatzaile izandakoa; Angel Mari Ansola Analsakoa; Maite Unzueta, Señorita Anitaren erreina... Lanbide Heziketako ikasle eta egun enpresetako arduradun direnak ere baziren: Zubacorreko Patxi Beitia, Geminiseko Josu Unzueta, Berkoako Andoni Garcia Abad eta abar luzea.
Udaletxeko ekitaldia zuzenean jarraitu zuten Aita Agirren bildutakoek, erabateko isiltasunean, eta kanpora irten ziren gero, udaletxetik txistularien ondorik etorri zen segizioari harrera egitera. Aita Agirreko arkupeetan jarraitu zuen ekitaldiak. Maialen Gurrutxaga alkateak egin zituen sarrerakoak. Asteazkeneko ekitaldia Lanbide Heziketaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko ekitaldia zela zehaztuz hasi zuen bere hitzartzea: "Iragana, atzera begiratu eta egindako lana aitortzeko; oraina, eskertzeko eta balioan jartzeko; eta etorkizuna, konpromisoak hartu eta elkarrekin aurrerako bidea markatzeko". Iraganari begira jarrita, Elgoibarko lehen Lanbide Heziketako ikasleak, Marrazketa Eskolaren hastapenak, eta "Elgoibarko etorkizuna irudikatzeko eta eraikitzeko gaitasuna" izan zuten guztiak izan zituen gogoan Gurrutxagak. "Herri txiki, baina ausart honen bihotzean beti egon da ikasteko, berritzeko, ekiteko eta lanerako jendea", esan zuen haiei zuzenduta. Alkateak gogora ekarri zuen Lanbide Heziketak enpresen eta enplegu kualifikatuaren sorrera sustatu eta hemen bertoko ekonomia indartu dituela, bai eta Elgoibarren izena Euskal Herrian eta mundu zabalean zabaldu ere, eta hori dena enpresa, hezkuntza-zentroen eta erakundeen arteko lankidetzari esker izan dela nabarmendu zuen, Mikel Laboak Martxa baten lehen notak kantuan jaso zituen Joxean Artzeren hitzak erabilita: "Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea".
Askoren artean egindako lanaren balioa aitortzeko baliatu zituen ondorengo hitzak Gurrutxagak, eta Lanbide Heziketaren historian giltzarri izan diren hiru lagun omendu zituen ondoren, haiek guztien ordezkari gisa: Bernardo Ezenarro zena, "gazte askoren artean ikasteko grina sortu zuena eta gazte horiek Elgoibarko industriaren historian pertsona garrantzitsu izateko bidea jarri zuena"; Jesus Rementeria, Eskola ofizialdu zeneko bizirik geratzen den irakasle bakarra, eta Amadeo Aizpitarte zena, "Arte eta Lanbide Eskola eraldatzeko funtsezko pertsona izan zena eta Elgoibarko ezagutzak nora jo behar zuen jakiteko ikuspegia izan zuena". Omendutako hiru lagunetatik bakarra izan zen ekitaldian, Jesus Rementeria, beste biak hilak direlako, baina Bernardo Ezenarroren biloba eta Amadeo Aizpitarteren seme-alabak han ziren eta txalo zaparrada handi batekin hartu zituen publikoak.
Azkeneko hitzak etorkizunari eskaini zizkion alkateak, eta elgoibartarrak zoriontzeaz gainera, esan zuen formazioaren eta berrikuntzaren erreferente izaten jarraitzea dagokiola Elgoibarri mundu aldakorrean, eta horretan Udala bidelagun izango dutela beti hezkuntza zentro eta enpresek.
Jose Mari Beristain Mekako zuzendariari eta Alaitz Bastida IMHko Lanbide Heziketako zuzendariari eman zien hitza Maialen Gurrutxagak.
1.000 ikasletik gora
Gaur egun, sei arlotako eskaintza dugu Elgoibarren, Lanbide Heziketan: fabrikazio mekanikoa, instalazioa eta mantentze-lanak, ibilgailuen garraioa eta mantentzea, osasuna, administrazioa eta kudeaketa, eta gizarte-eta kultura-zerbitzuak. Espezialitate horiei esker, 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute urtero prestakuntza-zikloetan eta espezializazioetan. Bestalde, 2.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dituzte enplegurako prestakuntza-programak. Hain justu ere, pertsona horiek guztiak izan zituzten gogoan ikastetxeetako zuzendariek; ikasleak alegia. Eskertu zieten Lanbide Heziketa aukeratu izana beren formaziorako eta lan mundura salto egin ondoren ere, Lanbide Heziketarekiko agertzen duten konfiantza eta konpromisoa. Ikasleak ez ezik enpresak ere izan zituzten gogoan eta nabarmendu zuten "bikote banaezina" izaten jarraitu behar dutela Lanbide Heziketak eta enpresa munduak, gaur egungo erronkei erantzungo bazaie.
Industriaren beharrei erantzuteko
Gainerako mintzakideen ildo beretik aritu zen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua ere berbetan. Atzera begira jarrita esan zuen herritarren nahi batetik sortu zela Elgoibarren lehen Marrazketa Eskola hura, inguruan sortzen ari zen industriaren beharrei erantzuteko, eta hain justu ere horixe jo zuen Lanbide Heziketaren arrakastaren gakotzat. "Gure inguruari entzun eta dituen beharrizanei erantzutea da gure misioa. Enpresek behar duten eskulana eta konpetentziak garatzeko heziketa jasotzen dute Lanbide Heziketako ikasleek". Horren harira esan zuen Lanbide Heziketako ikasleen enplegarritasuna %90ekoa dela gaur, eta horri eusteko ahalegina egitea dagokiela gaur Lanbide Heziketaren ekosistema osatzen duten eragile guztiei: eskola, enpresak, enpresa-ekarteak, sindikatuak eta instituzioak. "Segi langile eta langabeak prestatzen, nazioarteko dimentsio eta aukerak eskaintzen ikasleei berrikuntza proiektuetan eta hain garrantzitsua den ekintzailetza sustatzen", eskatu zien.
Baldosa.oroigarria eta Bernardo Ezenarrori eskainitako oroigarria
Sailburuaren hitzak entzun ondoren, Mekako eta IMHko Lanbide Heziketako zuzendariak deitu zituen berriro aurkezleak eta baldosa-oroigarria bistaratu zuten Aita Agirreko eraikineko sarreran Lanbide Heziketa Elgoibar. Iragana, oraina, etorkizuna. 1899-2024 dioena. Baina eraikinak langilerik gabe ezer ez direla esanda, Bernardo Ezenarrori eskainitako oroigarria bistarazi zuten ondoren Maialen Gurrutxaga alkateak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hementxe daude biak asteazkenaz geroztik, Aita Agirre kulturguneko aterpeko zoruan bata, eta eraikin-aurrera ematen duen beheko leihoetako batean bestea.
Ekitaldia Haritz Euskal Dantzari Taldeko Maddi Zabala eta Irati Marcos dantzariek omendu eta gonbidatu guztiei eskaini zieten agurrarekin amaitu zuten, eta ondoren, familia-argazkia atera zuten.