Elgoibarko Lanbide Heziketak 125 urte bete ditu aurten, eta Lanbide Heziketaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzeko hainbat ekintza dituzte aurreikusita. Oraina ospatzeko, egun aproposa iruditu zitzaien San Joan Bosko eguna, eta IMH eta Mekakoek elkarrekin ospatu zuten zaindariaren eguna. Gainera, ikastetxetik kanpora eraman zuten festa, Maalako parkera eta herriko kaleetara. 125 LH Elgoibar ginkana egin zuten goizean. Taldeka antolatuta, herrian zehar ibili ziren bi ikastetxeetako ikasleak, eta Elgoibarko Lanbide Heziketan eta gure herriko makina erremintarentzat giltzarri izan diren hamahiru puntu topatu behar zituzten ginkana osatzeko. eta Mekatronika zikloko bigarren mailako ikasle taldea gailendu zen. Ginkana hori propio sortu zuten egun honetarako, Elgoibarko Makina Erremintaren Historiazaleak taldeko Pedro Andonegi eta Anton Bergaren laguntzarekin.
Ginkanaz gain, 125 LH Elgoibar inguruko argazki lehiaketa ere egin zuten, eta probak eta jolasak ere bai Maalako parkean. Tortila-lehiaketan, futbolinean, ping-pongean, sokatiran eta beste hainbat jolasetan lehiatu ziren ikasleak.
IES Elgoibar BH institutuan ere ospatu zuten Bosko eguna. Mintxetan korrika eginez hasi zuten eguna, eta ikastetxera itzulita patata tortila lehiaketan hartu zuten parte ikasleek. Futbol eta eskubaloi partidek ere eduki zuten lekua egitarauan, baina Arreiturreko jolaslekuan egin zuten desfilea izan zen ekitaldi nagusia.
*Irudiak: IMH Campus, Meka, IES Elgoibar BHI, Asier Orbea eta BARREN.