Urteko lehen astean egunero Karakatera igotzeko erronka jarri zion Txeluk bere buruari, entrenamendu modura, eta astea egin zuenean hilabete osora luzatzea erabaki zuen; eta, otsailera iritsitakoan ere eutsi egin dio eguneroko joan-etorriari. Hilabete batez hutsik egin gabe egunero Karakatera igo den inor ez dela egongo uste du. Ibili da galdezka Karakaten gora eta behera ibiltzeko ohitura dutenen artean, eta halaxe dela baieztatu diote. Iban Fernandez ere antzerako erronka batean murgilduta dago urte hasieratik, urtebeteko epean 365 alditan igotzea baita haren erronka, baina hark ere ez du bete egunerokotasuna, egun batzuetan igoera bat baino gehiago egiten baititu; baina egun batzuetan bakar bat ere ez.
Irudiak: Juanan Martin
Dena neurtuta
Txeluk plazatik hasten ditu igoerak, itsas mailatik 40 metrora, eta tontorrean dagoen puntu geodesikoa ukitu ostean (742 m.) hasitako lekuan bukatu. Ibilera guztiak neurtzen ditu eta online ditu eskegita. Erronka datuetara ekarrita, 37 ordu eta 18 minutu erabili zituen urtarrilean egindako 31 igoera eta jaitsieretan. Guztira 230,37 kilometro egin zituen, eta 21.956 metrokoa izan zen desnibel metatua. Batez-beste ordu bat, 12 minutu eta 12 segundo behar izan zituen 7,43 kilometroko igoera-jaitsiera bakoitza osatzeko. Mendian ibiltzen denak badaki denbora onak direla, azkar egiten duela Karakatera joan-etorria. Txeluk, baina, denborei baino balio handiagoa ematen dio konstantziari, egun bakar batean hutsik egin ez izanari. Sei egunetan euritan egin zuen ibilaldia, eta gauez beste lautan, lana dela-eta.
Eroriko bakar bat ere ez
Erorikorik ez duela eduki nabarmendu du. "Korrika txikian egiten ditut jaitsierak, bastoirik erabili gabe, eta irristaldi mordo bat egin arren, behin ere ez naiz lurrera erori; badauka meritua! eta hori sarritan aldatzen direla zoruaren kondizioak, lokatz eta hezetasunaren arabera, baina gozatu egiten dut jaitsieretan, eta Karakatekoa memorizatuta daukat", dio. Bi zapatila marka desberdin erabili ditu, aldatzea oinentzako ona dela uste baitu. Igoera guztiak bide zuzen eta gogorrenetik egin ditu, Karakateko igoerako partaide ia denek azken urteetan erabiltzen dutenetik, alegia. "Iturritik ez naizela pasatzen dauka txarra, eta ahoa sikatuta ailegatu nintzen tontorrera bizpairutan, baina karamelo bat busti nuen, ez baitut urik eramaten horrelako ibilaldi motz batean".
Urtarrilean bakarrik; otsailean lagunekin
Otsailera iritsita, erronkarekin jarraitzea erabaki zuen Txeluk, pena ematen baitzion lagatzeak, eta belauneko min pixka bat kenduta ondo sentitzen delako. Eskarmentu handia du iraupen luzeko probetan, Ehunmilak moduko probetan parte hartutakoa baita, eta otsaila bukaerara arte jarraitzeko asmoa du. Hori bai, lagunekin ari da orain. "Urtarrileko igoera eta jaitsiera guztiak bakarrik egin nituen, baina otsailetik aurrerakoetan Catt Morkaikoko taldekiekin batera ari naiz, txandan-txandan. Azkarrago joaten naiz batzuekin, polikiago besteekin, lagunaren berbetarako gogoaren arabera. Norbaitek nirekin etorri nahi badu Morkaikon galde dezake neregatik", azaldu du mendi elkarteko lehendakari izendatu berri duten mendizaleak.