Ez ohiko batzarra egin zuten lehenik, estatutuak aldatzea onartzeko, zuzendaritza aldaketa batzar orokorrean egin ahal izateko aldaketa hori onartzea beharrezkoa zelako. Izan ere, indarrean zituzten estatutuen arabera, hauteskundeak egin beharko lituzkete zuzendaritzaz aldatzeko. Aldaketa onartu ostean egin zuten ohiko batzarra, eta handik irten zen zuzendaritza talde berria. Lehengoek jarraitzea erabaki dute eta beste bost lagun batu zaizkie taldera. Jose Luis Diez izango da lehendakaria, Iñaki Laskurainen ordez, eta Denis Saiz lehendakariordea. Aitzol Arriola izango da idazkaria, Virginia Santamarta diruzaina eta bokalak, berriz, beste honako hauek: Angel Maria Tobajas, Iñaki Laskurain, Javier Guallar, Martin Dominguez eta Modesto Cid.
Batzar orokorrean, iazko urtearen errepasoa, antolatutako ekintzen balorazioa eta balantze ekonomikoa ere aztertu zituzten, besteak beste. 2025 urterako ekintzen egutegia ere aurkeztu zuten (morkaiko.eus webguneko Datozenak atalean jarriko dituzte ikusgai, aurki).
Gertuen daudenak aipatze aldera, espeolologia bertikalaren hastapenen inguruko saioa egingo dute otsailaren 14an, Olatz haranera mendi irteera otsailaren 16an eta mendia eta sagardotegia uztartuko dituena otsailaren 22an.
Natura eta ondarea zikloko ziriborroa ere prest dute eta behin-behineko egutegia ere bai. Haurrentzako zuhaitz landaketa saioa izango da aurreneko ekitaldia martxoaren 9ean. Martxo amaierarako, berriz, geologia eta marearteko fauna ezagutzeko ibilaldia egingo dute Zumaian.