Aurrekoan bederatzi aldiz igo eta jaitsi zen jarraian. Gainera, 2-dean B-rotuz taldeak errefuxiatuei laguntzeko elkartasun-proiektu bihurtu zuen Fernandezen erronka hura eta honek egin beharreko kilometro bakoitza (156 kilometro guztira) 25 euroan saldu zuen, eta batutako dirua -8.000 euro baino gehiago- Chios irlan (Grezia) salbamendu lanean ari zen Itsas Salbamentu Humaritarioa gobernuz kanpoko erakundeari eman zioten. Julen Ansolak dokumental batean jaso zuen Fernandezen erronka solidarioa.
4.015 kilometro Karakaten gora eta behera
Bere buruari jarri dion erronka berri honetan 365 igoera eta jaitsiera egin nahi ditu Karakatera 2025ean. Igoera eta jaitsiera bakoitzak 11 kilometroko ibilbidea eta 664 metroko desnibel positiboa duela kontuan hartuz, guztira 4.015 kilometro egingo lituzke erronka osatuz gero, eta 249.660 metroko desnibel positiboa metatu.
Urteko egun bakoitzean igoera bat egitea aztertu zuen hasieran, baina berarentzat ez dela egingarria ondorioztatu zuen. "Batetik, ez daukadalako beharko nukeen denbora libre nahikorik lana dela-eta. Horrez gain, eguraldi oso txarreko egunak ere izango dira eta posible da batzuetan mendira ezin joan izatea alerta egoerengatik. Neu gaixotzea ere gerta daiteke, eta nire opor egunak Elgoibartik kanpora joateko ere erabili nahi ditut", dio. Arrazoi horiez gainera, Ehunmilak proban parte hartzeko asmoa ere badauka uztailean, eta aurreko asteak eta ondorengoa prestaketarako eta errekuperaziorako erabili nahi ditu. Arrazoi guztiak kontuan hartu eta gero, urteko egun batzuetan behin baino gehiagotan igo eta jaitsita osatu gura du erronka. "Urteko zati batzuetan bi bider igo eta jaitsiko naiz astelehenetik ostiralera, hiru bider zapatuetan eta beste bi alditan domeketan. Nire helburua da uztailera aurreikusitakoak baino 20-25 igoera gehiagorekin ailegatzea, Ehunmilak prestatzeko, oporrak hartu ahal izateko, eta urteko azken zatia lasaiago egin ahal izateko", azaldu du. Bere izaerarekin bat datorren erronka dela dio. "Konstantzia eta erregulartasun handia behar dira erronka hau gauzatu ahal izateko, eta horiexek dira nire ezaugarriak mendian nabilenean".
Erronka 2025 urteko lehen egunean hastea aurreikusten du, urtarrilaren 1ean.