Ohi duten moduan, IES Elgoibar BH institutukoek egun osoan ospatuko dute Bosko Eguna barikuan. Ohikoak dituzten tortilla patata lehiaketa, hainbat kirol proba eta antzerkia ere prestatu dute (ikus iazko Bosko eguna).
Aurtengo berrikuntza baina, Meka eta IMH zentroen eskutik dator, elkarrekin ospatuko baitute Lanbide Heziketako ikaslen patroiaren omenezko eguna, eta gainera ikastetxeetatik herri gunera aterako dute festagunea, Maalako parkean egingo baitituzte egun horretan egin ohi dituzten ekitaldi eta lehia bereziak.
Lanbide Heziketaren iragana, oraina eta etorkizuna
Bi zentroek Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125 urteurreneko batzordearen ekimenez ospatuko dute elkarrekin Bosko eguna. "Irailetik dihardugu 125. urteurrena ospatzen eta urtean zehar gure lanbide heziketa irudikatuko duten hiru momentutan antolatu ditugu ospakizun ekintzak, iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzeko", argitu dute. Iraganeko ekintzak 2024ko irailean eta urrian egin zituzten, Udalak antolatutako urteurrenaren irekiera ofizialarekin eta iraganari buruzko historia-tertulia kafe saioarekin. Baina, oraina ere ospatu nahi du batzordeak, eta, hasteko, egun aproposa iruditu zaie San Joan Bosko eguna.
125 LH Elgoibar ginkana, Maalan
Lanbide Heziketaren urteurrenak herriarentzat duen garrantziari aitortza egin asmoz, ginkana bat sortu dute propio Mekak eta IMHk Bosko egunerako, Elgoibarko makina erremintaren historiazaleen taldeko kide Pedro Andonegiren eta Anton Bergararen laguntzarekin. 125 LH Elgoibar ginkana jarri diote izena Maalan hasi eta herrian barrena egingo duten ginkana bereziari. Taldeka antolatuta, herrian zehar ibiliko dira bi ikastetxeeetako ikasleak, 09:00etatik 11:00etara bitartean, eta Elgoibarko Lanbide Heziketan eta herriko makina erremintarentzat giltzarri izan diren hamahiru puntu topatu beharko dituzte. Ikasleek informazioa jasoko dute puntu horietako bakoitzean, baliagarri izango zaiena bukaeran erantzun beharko duten galdetegia osatzeko.
Argazki lehiaketa eta era guztietako jokoak
Ginkanaz gain, 125. urteurrena ardatz izango duen argazki lehiaketa ere antolatu dute, eta era askotariko jokoak eta lehiak ere egongo dira Maalako parkean, 11:00ak bitartean. Ondoren, eta 13:00ak arte, futbito txapelketa jokatuko dute IMH Kiroldegian. Egunari amaiera emateko, IMHko kafetegi-portxean txorizo eta patata tortilla pintxo jana egingo dute eta sari banaketa ere bai, 13:00etan. Familia argazki bat aterata bukatuko dute jardunaldia.
Mekak eta IMHk antolatutako egitaraua:
- 09:00 – 11:00 "125 Lanbide Heziketa Elgoibar" ginkana Maalako parkean.
- 09:00 - 11:00 "125 Lanbide Heziketa Elgoibar" argazki lehiaketa, Maalako parketik hasira. Makina Erremintaren Museoa irekita egongo da, nahi duenak han argazkiak egin ditzan.
- 09:00 - 11:00 Era guztietako lehiak Maalan: Patata-tortila leihaketa, sokatira, zerra proba, futbolina, Ping-pong-a, dardo txapelketa, e.a.
- 11:00 - 13:00 Futbito txapelketa, IMH kiroldegian. Aldi berean, hainbat joko IMHko portxean.
- 13:00 - 13:30 Goizean jokatutako txapelketen sari banaketa ekitaldia IMH kafetegi-portxean (txorizo-tortilla pintxoak banatuko dituzte) eta talde argazki erraldoia.
Bosko Egunerako egitaraua IES Arreiturre BHIn
- 09:15 Krosa Mintxetan
- 10:00-11:15 Tortilla lehiaketa Arreiturren, jangelako arkupean
- 10:30-11:00 Sokatira lehiak Batxilergokoentzat, Olaizaga kiroldegian
- 11:00-12:00 Eskubaloi txapelketa kiroldegian (finalerdiak)
- 12:00-12:30 Futbito txapelketako finala kiroldegian
- 12:30-13:00 Eskubaloi Txapelketako finala
- 13:00-14:00 Antzerkia, areto nagusian