Ohiko osagaiak izango ditu San Anton jaiegunak

Barren 2025ko urt. 15a, 10:19

Erraldoi eta buruhandien kalejira 2024ko San Anton jaietan. BARREN

San Anton eguna da urtarrilaren 17a, jaieguna Elgoibarren, eta Udalak osatu du jai-egitaraua, herriko beste zenbait eragilerekin lankidetzan. 

Hasteko, meza izango da San Bartolome parrokian, 11:00etan, eta ondoren, 11:30ean umeentzako parkea zabalduko dute Kalegoen plazan eta Aita Agirren (Euria bada, Sigman). Goizez, 14:00ak arte egongo da zabalik, eta arratsaldez, 16:30etik 19:30era arteko ordutegia izango du.
Eguerdian zabalduko dute Altzolatarren Dorretxekoek urteroko zigilu-erakusketa ere. Aurten santa eskeko Etxegina taldearen mendeurrenari eskainiko diote erakusketa, eta hilaren 25era arte egongo da ikusgai, Kultur Etxean. Gutxienez 75 erakusmahai izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Aste-barruan 18:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da erakusketa, eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara goizez, eta arratsaldez, 14:00etatik 18:30era. Omenduaren motiboarekin seilu bat ere argitaratuko dute eta postaren etxea zapatuan, urtarrilaren 18an, zabalduko dute, hiru orduz, 11:00etatik 14:00etara. Hain justu ere, zapatuan, egingo dute urteko lehen batzarra Filatelia Elkarteko Euskal Federaziokoek ere, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, 11:00etan, eta 13:00etan izango da itxiera ekitaldia. Han banatuko dituzte sariak ere. 

Dultzaineroen kalejira, antzerkia eta San Anton pilota txapelketako finala

Bariku arratsaldean, kalejiran irtengo dira herriko dultzaineroak, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak lagun dituztela, 17:30etik aurrera. Iluntzean, berriz, Miñan antzezlana taularatuko du Artedrama arte eszenikoen plataformak Herriko Antzokian, 19:00etan, eta ordu berean hasiko da San Anton pilota txapelketako finala, Ikastolako frontoian.