Mugertza krosetik igarotako atletak nabarmendu dira Belgradoko Munduko Kros Txapelketan

Barren 2024ko api. 11a, 11:55

Beatrice Chebet munduko kros txapelduna eta 2024ko Mugertza kroseko irabazlea, Zigor Diezekin Belgradon.

Mintxetakoek munduko kros saltakaririk onenak ekartzen dituzte Elgoibarrera eta Mintxetako aldapetan lehiatzeak ez die kalterik egin, Belgradon (Serbia) jokatu berri duten Munduko Kros Txapelketan eskuratu dituzten emaitzak ikusita. Belgradon izan da Mugertza kroseko zuzendari Zigor Diez.

Emakumezkoen lasterketan joan den urtarrilean Mugertza krosaren 80. ekitaldia irabazi zuen Beatrice Chebet kenyarra izan zen irabazlea Belgradon. Jarraian lortzen duen bigarren titulua da. Lilian Rengeruk (Kenia, 1997) izan zen txapeldunorde, 2018ko Mugertza krosean txapeldunorde izana; eta, Margaret Kipkemboi sailkatu zen hirugarren postuan, 2023ko Mugertza krosean laugarren postua eskuratu zuen antxitxikaria. Hortaz, podiuma osatu zuten hiru emakumeak dira Elgoibarko krosean parte hartutakoak.
Gizonezkoen lasterketan Mugertza krosa irabazitako lau atleta lehiatu ziren Belgradon: Berihu Aregawi (2024), Kipkorir Kimeli (2022), Tadese Worku (2020) eta Joshua Cheptegei (2017). Munduko Txapelketa, baina, 2018ko Mugertza kros ahaztezinean txapeldunorde izan zen Jacob Kiplimo ugandarrak irabazi zuen. Beatrice Chebetek moduan Kiplimok ere eutsi egin dio 2023an Australian lortu zuen Munduko tituluari. Aurten Elgoibarko krosa irabazi zuen Berihu Aregawi etiopiarra izan zen txapeldunordea. 

Jesus Olivan (managerra eta Mugertza Krosaren laguntzailea), Sebastian Coe (World Athletics federazioko presidentea), Zigor Diez (Mugertza kroseko zuzendaria) eta Raul Chapado (RFEAko presidente eta WAko lehendakariordea) Belgradon. Arg: Zigor Diez.


Zigor Diezen balorazioa

Mintxeta Atletismo Taldeko presidente Zigor Diez Belgradon izan da, txapelketa zuzenean ikusten eta atleta zein managerrekin dituzten harremanak saretzen. "Munduko kros txapelketan egotea tokatzen zitzaigula uste dut, gure kirolean mundu mailan egosten ari denaren jakinaren gainean egoteko, eta atleta, manager eta gainerako arduradunekin ditugun harremanak saretzeko eta estutzeko. Pozik itzuli naiz egindako lanarekin eta han egindako gestioen emaitzak etorkizunean ikusiko ditugun esperantza daukat", azaldu du Diezek. Mugertza krosean inoiz lehiatu diren saltakariek lortutako emaitza apartekin pozik dago. "Balorazioa oso positiboa da, txapelketa aparta izan da. Zirkuituan ez zegoen lokatzik, nahita lokaztu zuten zati batean izan ezik, baina oztopoak ipini zituzten eta ibilbidea gogortzen zuen aldapa batzuk ere bai, proba ikusgarriagoa izan zedin. Guk ez daukagu lasterketa gogortzeko aparteko ezer egin beharrik, berez baita gogorra Mintxetako ibilbidea". Bestetik, Belgradon ikusitakotik, Diezi atentzioa eman dio Europako hainbat herrialdek talderik aurkeztu ez izanak. "Afrikako herrialdeek ahal zuten atletarik onenak eman dituzte Munduko Txapelketara; eta, aldiz, Europako herrialdeek ez dute ahalegin bera egin, Munduko Txapelketa Europan jokatu den arren. Espainia, Frantzia eta Ingalaterra kenduta, gainerakoek ordezkaritzarik ere ez zuten eraman, Italiak, Belgikak eta Portugalek, esaterako. Iruditzen zait ez dela ona zabaltzen den mezua, herrialde horiek ez diotela ematen merezi duen garrantzirik Munduko Txapelketa bati. Atleta europarrei erakargarri egiteko zer egin aztertu beharko dugu kros antolatzaileok eta federazioek. Belgradon ere izan genuen hizpide gai hori".

2026ko Mugertza Krosa jokatzeko eguna, erabakitzeko

2026ko Mugertza krosari eragingo dion gai bat aztertzeko aukera ere izan zuen Belgradon Zigor Diezek. 2026an Munduko Kros Txapelketa Floridan (AEB) egingo dutela aurreratu du World Athletics federazioak, eta data ere badauka: urtarrilaren 10a. Hortaz, zuzenean eragiten dio Mugertza krosari, urteko lehen edo bigarren asteburuan jokatzen baita azken urteetan. "Urtarrilaren 10a baino lehenago egitea ez dogu ikusten, urtarrilaren 3an izango bailitzake. Hortaz, onena Munduko txapelketaren ondoren egitea izango dela uste dugu, 17an edo 24an. Erabaki bat hartu beharko dugu. Atletei eurei eta managerrei ere galdetu genien fetxa onenaz eta hartuko ditugu aintzat euren iritziak ere".

Chebet eta Kwizera Cross Country Tourreko irabazle

Era berean, Mugertza krosean lortutako puntuei esker, Beatrice Chebet kenyarra eta Rodrigue Kwizera burundiarra gailendu dira World Athletics Cross Country Tour txapelketan. Chebetek Urtezko mailako bi kros irabazi ditu denboraldi honetan, Atapuercakoa eta Mugertza krosa, eta 3.880 puntu eskuratu guztira, beste inork baino gehiago. Era berean, Kwizera gailendu da gizonezkoen sailkapen nagusian. Burundiko saltakariak Soriako eta Alcobendaseko krosak irabazi zituen eta bigarren egin zuen 80. Mugertza krosean.