Kortariko Infernuko Gasna, Txillarreko barazkiak eta Zabaloeneako frutak saritu dituzte 2024ko Gabon Zahar Ferian

Barren 2024ko abe. 28a, 17:11

Infernuko gaztak (Lekaroz, Nafarroa) irabazi du urteko gazta onena aukeratzeko lehiaketa.

Lekaroz, Hernani eta Elgoibarko ekoizleek eskuratu dituzte Gabon Zahar azokako sari nagusiak gaurkoan.

Urtean zehar ardi gazta txapelketaren bat irabazi duten gaztagileek aurkeztutako gaztak epaitu dituzte Gabon Zahar Azokaren barruan egin duten Urteko ardi gaztarik onena aukeratzeko lehiaketan. 2024an lehiaketaren bat irabazitako zortzi gaztagilek zuten lehiaketara aurkezteko aukera, eta zazpik aurkeztu dute gazta ale bat. Epaimahaikideentzat Infernuko gaztak (Lekaroz, Nafarroa) aurkeztutako gazta izan da onena, eta 1.500 euro jaso ditu saritzat. Baztan bailaran dagoen Lekaroz herriak dituen bost auzoetako batean, Orabidean, dagoen Kortariko Bordan egiten dute gazta hau. Infernuko erreka, errota eta belaiek ematen diote izena inguruari, eta herrigunetik aparte dagoelako ere deitzen dute horrela; zerutik baino, infernutik gertuago dagoela esaten dutelako hangoek. Eta, Kortariko Bordan egiten duten gasnari ere deitzen diote infernuko gasna. Kalamua Elkarteak eta Elgoibarko Udalak hamaseigarrengoz antolatu dute urteko gazta onena aukeratzeko lehiaketa, eta Kortariko gaztak hirugarrengoz irabazi du, 2018koan eta 2019koan ere gailendu baitzen. Elgoibarren irabazita, osoa izan den urteari  amaiera ezin borobilagoa eman diote Kortariakoek, Bilbo eta Uharte-Arakileko txapelketez gainera Euskal Herriko Txapelketako lehen sariak irabazi baititu bukatzear den urte honetan.

Barazkietan Txillarrerentzat lehen saria

Iaz Bizkaia aldera joan ziren barazki eta fruta postu onenen sariak, baina Gipuzkoan gelditu dira aurten. Barazki Postu Onenaren Saria herrian bertan gelditu da, Txillarre baserriko Argiñe Rubiok jaso baitu lehen saria (600 euro). Pozik jaso duela saria esan du Rubiok eta aitortu du urte erdia pasatzen dutela azoka honi begira, ahalik eta produktu onenak ekoiztu eta salgai jartzeko ahaleginean. Ispasterreko Iparragirre baserriko Igor Letek jaso du bigarren saria (500 euro) eta Markina_xemeingo Xemein Gain baserriko Alejandro Arrietak hirugarren saria (400 euro). 

Argiñe Rubiok Maialen Gurrutxaga alkatearen eta Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu Amaia Barredoren eskutik jaso du saria.

Fruta onenak, Hernaniko Zabaloeneakoak

Fruta postuetan, Hernaniko Zabaloenea baserriko Maddi Iradi izan da irabazlea, eta 600 euroko saria jaso du. Iaz moduan, Jose Antonio Elosegik (Oñatibi Txiki, Gabiria) jaso du bigarren saria eta  Urtza Sarrionandiak (Jauribarri Goikoa, Igorre) hirugarrengoa. 

Saltoki Onenaren saria, Igor Leterentzat

Ispasterreko Igor Letek feriarako prestatu duen saltokiak jaso du Saltoki Onenaren Saria (600 euro). Benekotasuna eta Berrikuntza Saria, berriz, Iker Villasanak (Bortzatxus, Arrieta) eraman du. 600 euroko saria jaso du.
Azkenik, mendiak ondoen zaindu dituen baserriaren saria Zulueta Behekoa baserriko Jose Manuel Almortza Etxenagusiak jaso du. Sariaren 500 euroak jaso ostean, sariaren parte bat desbrozadoraren gasolinarako erabiliko duela aurreratu du,  pleno aretoan batutakioen barre artean. "Mendiak garbitzen jarraitu beharko dugu, garbitu ezean ez baitago baserri eta mendi inguruak zaintzerik", esan du.

Igor Lete Saltoki Onenaren Saria jasotzen.

Iker Villasanak jaso du Benekotasuna eta Berrikuntza Saria.