Zortzi gazta, 2024ko onena aukeratzeko lehian

Barren 2024ko abe. 16a, 14:56

Urteko ardi gaztarik onena aukeratzeko lehiaketa egingo dute Gabon Zahar Ferian, eta gaur aurkeztu dute Elgoibarko Udalak eta Kalamua elkarteak antolatzen duten gazta txapeldunen txapelketa prestigiotsua.

2024an antolatutako eta Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututako ardi-gazta lehiaketaren batean irabazi duten gaztagileek parte har dezakete txapeldunetan txapeldunena aukeratzeko lehiaketan. Aurten zortzi gaztagilek irabazi dute txapelketaren bat, gutxienez. Hiru txapel irabazi dituzten hiru gaztategi nabarmendu behar dira, Aizpea, Kortaria eta La Leze. Lehenak Debako, Azpeitiko eta Legazpiko lehiaketak itabazi ditu eta Lekarozko Kortariak Bilbo eta Uharte-Arakileko txapelketez gainera Euskal Herriko Txapelketako lehen saria ere eskuratu zuen. Azkenik, Ilarduiako La Lezek Plentzian, Agurainen eta Ordizian irabazi ditu txapelak.
Mauxitxak ere aurkeztuko du gazta bat, Araiako lehiaketan lortutako garaipenari esker. San Bartolome jaietako Baserritarren Eguneko lehiaketa irabazi zuen Gaztaiñaditxuloko gazta izango da beste lehiakideetako bat, Intxaurrondoko txapelketa irabazi zuen Loperena, Gernikakoa irabazi zuen Larraberekin eta Eibarkoa irabazi zuen Baztarrikareki batera.

Zuzenean ikusteko aukera

Abenduaren 28an egingo den Gabon Zahar Azokaren barruan egingo dute gazta lehiaketa berezia. Parte-hartzaileek urte barruan egindako gazta bat aurkeztu beharko dute lehiaketara, eta antolatzaikeek 40 euro ordainduko dizkiete gazta bakoitzagatik. Txapelketako irabazleak 1.500 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Iaz Segurako gaztagile Eneko Goiburuk irabazi zuen txapeldunen arteko lehia. 12:00etan hasiko da txapelketa, udaletxeko udalbatza aretoan, eta epaimahaikideen lana zuzenean jarraitzeko aukera izango dute herritarrek. 13:00ak aldera jakinaraziko dute irabazlea, azokako gainerako lehiaketetako irabazleen berri ere emango duten sari banaketa ekitaldian.

Urtero moduan, Mauxitxako gazta bat banatu dute antolatzaileek txapelketa aurkezteko ekitaldian. Balorazio on ugari jaso dituen arren, epaimahaikideenak bakarrik balioko du urteko gaztarik onena aukeratzeko lehian.