Zer ikusiko dugu 'Esnearen kolorekoa' obran?
Antzezlana 1800. urte inguruan kokatzen da, Ingalaterrako baserri giroko familia batean. Klase apaleko familia da, diru gutxi daukate, eta haien alaba herrena da protagonista nagusia, Mary (Aitziber Garmendia). Ez daki ez idazten ezta irakurtzen ere, beti baserrian bizi izan da, baina halako batean herriko bikarioaren etxera joango da lanera, haren emaztea zaintzera. Mary lotsagabea da, ez du han egon nahi, baina azkenean gustua hartuko dio bikarioaren emazteari eta geratu egingo da. Idazten eta irakurtzen hasiko da bikarioarekin, eta harreman horretan ikusiko dira gizon-emakumeen arteko botere-harremanak, klase sozialen arteko gatazkak, zapalkuntzak... Antzezlan dramatikoa da. Aitziber Garmendia protagonista izanda, baditu ukitu komikoak ere, baina orokorrean, okerrera doan drama da.
Eta, zure papera zein da?
Ni bikarioaren semea naiz, beti nahi izan duen guztia lortu duen tipo harroputz bat. Mary euren etxera ama zaintzera iristen denean ikusten da nolakoa den benetan tipo hori, eta ikusiko da nolako mespretxuz tratatzen duen Mary. Goitik behera begiratzen dio, baserriko neska arrunt bat besterik ez da beretzat, eta Maryrekiko daukan jarrera hori emakume guztiekiko erakusten du. Bere ama da salbuespena; ama da errespetatzen duen emakume bakarra.
Gaizto papera egitea tokatu zaizu, beraz. Zein paperetan sentitzen zara zu erosoago?
Oraingoan ere gaiztoarena egitea tokatu zait, bai. Tokatu izan zaizkit horrelakoak egitea, eta gozatu izan dut guztiekin. Gustatuko litzaidake egunen baten komedia bat egitea. Nire burua komikotzat daukat, baina momentuz ez dut horretarako aukerarik izan.
Gaur Elgoibarren taularatuko duzue obra. Herriko Antzokira itzuliko zara. Zer da zuretzat hori?
Herriko Antzokikoa izan zen zapaldu nuen lehen oholtza, eta ilusioa egiten dit Elgoibarren antzezteak. Asko maite dut Elgoibar, eta berezia izango da Herriko Antzokira itzultzea. Bergaran antzeztu nuenean ere presio moduko bat sentitu nuen, eta hemen ere seguru sentituko dudala, baina polita izango da. Nik uste Elgoibarko ikusle gehienek ikusi izan nautela Taupadarekin oholtzan, baina orain desberdina da. Lehen
afzionatua nintzen eta orain profesionala naiz. Beste begirada batekin ikusiko nau publikoak, baina seguru dena ondo joango dela.
Elkarrizketa egiteko unean, grabazioan harrapatu zaitugu. Zertan ari zara orain?
Telesail bat grabatzen ari naiz Pausoka eta Zebra ekoiztetxeekin. Gipuzkoako hainbat herritan gabiltza irailetik; Donostia, Errenteria... bi hizkuntzatan grabatzen ari gara, ETBrako eta Netflixerako.
Antzerkigintza, zinema eta telebista probatu dituzu. Zer duzu nahiago?
Nik uste dut mundu honetan denetik probatu behar dela. Taupadan nenbilenean oso argi neukan antzerkia egin nahi nuela eta antzerkia zela nirea, baina gaur gaurkoz ez daukat batere garbi. Esango nuke azken batean proiektuaren eta momentuaren araberakoa dela. Aurten, adibidez, topera ibili naiz antzerkian eta bost bat hilabete egin nituen grabaziorik gabe. Epe horretan falta igarri nuen, baina aldi berean, flmatzen eman ditudan urteetan, antzerkiaren falta igarri dut. Denak dauka bere alde ona eta txarra. Nire ustez, antzerkigintza probatu gabe telebistara salto egitea akatsa da.
Atxutxiamaikan ezagutu zintugun hezitzaile modura, eta Taupadarekin aritzen zinen orduan aktore lanetan. Imaginatzen zenuen 'Patria' telesaila grabatzera joan zinenean gaur aktore izango zinela?
Inondik inora. Hezkuntza mundua beti gustatu izan zait eta Atxutxin oso gustura nenbilen, baina aktore lana ere gustatzen zitzaidan eta baneukan zerbait egiteko gogoa. 14 bat urtez egon nintzen Taupadan, pila bat ikasi nuen eta oso gustura nengoen, baina nahi nuen zerbait egin Taupadatik harago. 2018an etorri zitzaidan Patria telesailean parte hartzeko aukera, eta ezin nion ezetzik esan. Sei hilabeteko eszedentzia eskatu nuen Elgoibarko Izarran eta nire asmoa itzultzea zen. Gero pandemia etorri zen, eta haren ostean lana lanaren atzetik etorri zitzaidan. Lan asko eta desberdinetan hartu dut parte, eta denetan jardun naiz gustura. Ez nuen espero bospasei urtean bide hau guztia egingo nuenik.
Lotura duten albisteak:
- Jon Olivares: “Lortu dut Joxe Mari ulertzea, epaitu gabe” (2020-10-02)
- BIDEOA: Jon Olivares 'Patria'ko aktoreari elkarrizketa telesailaren inguruan (2019-04-02)