Izen handiko aktoreak batzen ditu barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian Tanttaka konpainiak taularatuko duen Esnearen kolorekoa antzezlanak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz. 19:00etan hasiko dute antzezlana eta sarrerak salgai daude herrikoantzokia.eus webgunean, hamar euroan (65 urtez gorakoentzako eta gazte txarteldunentzat 3 euroan)
XIX. mende amaieran dago girotua antzezlana, Ingalaterrako landa inguruko baserri batean, familia analfabeto batean, eta Mary izeneko neska gazte bat du protagonista, aitaren jipoiak jaso ohi zituen neskatila bat. Familia uztera behartu eta bikarioaren etxera bidaliko dute Mary, neskame aritzeko. Irakurtzen eta idazten jakitea du hark desiorik handiena, eta lortuko du, baina baita larrutik ordaindu ere. Generoaren eta klase gatazkaren ikuspuntutik aztertzeko asko ematen duen biografia da harena, oholtzan Aitziber Garmendia aktoreak gorpuztuko duena.