Egun gehiago; erabiltzaile gutxiago

Barren 2024ko urr. 1a, 15:08

Bainu denboraldia inoiz baino luzeagoa izan da aurten Mintxetako igerilekuetan, lau hilabetez egon baita zerbitzua martxan; alabaina, iaz baino 7.000 erabiltzaile gutxiago zenbatu dituzte.

Elgoibarko Udaletik azaldu dutenez, eguraldiak eragin nabarmena eduki du aurtengo bainu denboraldian, eta igerilekuak iaz baino 15 egun gehiagoan zabalik egon diren arren, 7.000 erabiltzaile gutxiago zenbatu dituzte. Iaz 47.401 erabiltzaile izan dituzte Mintxetako igerilekuek hiru hil eta erdiko denboraldian eta 40.210 erabiltzaile zenbatu dituzte aurten lau hilabetean, ekainaren 1etik irailaren 29ra bitartean. "Baldintza meteorologikoak, batez ere abuztuan eta irailean, ez ziren aldekoak izan, eta horrek eragin nabarmena izan zuen erabiltzaileen kopuruan", arrazoitu dute. Ekainean 10.151 pertsona izan ziren; uztailean, berriz, 19.157 erabiltzaile izan ziren. Abuztutik aurrera, bisitari kopurua izugarri jaitsi zen: 9.581 pertsona hil horretan, eta 1.321 baino ez irailean.

Bainu denboraldiko egunik jendetsuena ekainaren 25a izan zen, 1.435 erabiltzailerekin. Bestalde, abuztuan ez zen 1.000 erabiltzaile baino gehiagoko egunik izan, eta irailean, 22 egunez, eguneko 50 pertsona baino gutxiago zenbatu zituzten.

Elgoibarko Udalak positibotzat jo du denboraldia, eta klima moduko kanpoko faktoreei egotzi die erabiltzaile kopuruan izan den beherakada. Era berean, denboraldia luzatu izana ideia ona izan dela uste dute eta neurri horri eutsi nahi diote hurrengo urteetan. Osterantzean, ez dela istripu aipagarririk izan adierazi dute.

Instalazioak hobetzen jarraitzeko konpromisoari ere eutsi nahi dio Udalak. Ildo horretan, igerileku handian sartzeko aurten jarri duten arrapala berria nabarmendu dute. Bukatzeko, Udalak eskerrak eman dizkie igerilekuetako erabiltzaileei, "emandako laguntzagatik eta parte hartzeagatik". 

 

Mintxetako igerilekuetako erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte:

  • 2024: 40.210 erabiltzaile
  • 2023: 47.400 
  • 2022: 47.000 
  • 2021: 41.500 
  • 2020: 27.000 
  • 2019: 43.000 
  • 2018: 42.000
  • 2017: 34.000 
  • 2016: 40.411 
  • 2015: 45.123
  • 2014: 34.522
  • 2013: 53.527
  • 2012: 52.000
  • 2011: 42.065
  • 2010: 48.000
  • 2009: 55.056
  • 2008: 34.342
  • 2007: 15.000
  • 2006: 29.000
  • 2005: 32.000