Txindokiko eta Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalak jokatu eta gero, joan den asteburuan jokatu zuten Kilometro Bertikalen Euskal Herriko Kopako hirugarren -eta azken- proba: Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikala.
Bezperako euriteengatik kolokan egon zen Aralar Mendi klubak antolatutako proba, baina, azkenean, arazorik gabe jokatu zuten. Nafarroako Sakana haranean dagoen Uharte Arakil herritik (471 m) abiatu eta Beriain (1.494 m) mendiaren tontorrera iristea zen erronka eta Guillermo Ramos (42:01) eta Lide Urrestarazu (51:33) izan ziren igoera osatzen azkarrenak. Gizonezkoetan Iñigo Gordoa arrasatearra sailkatu zen bigarren postuan (42:04), irabazlearengandik hiru segundora eta Xabier Macias iruñearrak lortu zuen hirugarren postua, 43:24ko denbora eginda. Iñigo Larizentzat izan zen laugarren postua, 43:32ko denborarekin.
Azken emaitza horri esker, 106 puntu batu zituen Larizek Bertikalen Euskal Herriko Koparako eta sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du, 260 punturekin. 2023ko karakateko Igoera irabazi zuen Aritz Unamuno bergararrak irabazi du kopa 282 puntu pilatuta. CATT Morkaiko taldeko Iñaki Goenaga igo da podiumeko hirugarren koskara, 193 punturekin. Iraitz Ferreira taldekidea hamargarren postuan sailkatu da.
Sailkapen nagusian txapeldunorde izateaz gainera, Lariz onena izan da beteranoen artean.
CATT Morkaiko, bigarren taldeka
Euskal Mendizale Federazioak antolatutako kluben arteko txapelketab ere jokoan egon zen Sakanan jokatutako proban eta gizonezkoetan Gasteizko Gaikar Zortzietakoak taldea gailendu zen. Bigarren postua CATT Morkaikorentzat izan zen eta Hiru-Herri Atletiko taldea sailkatu zen hirugarren lekuan. Emakumezkoetan Gaikar Zortzietakoak taldea izan zen onena.
Hona Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikalean parte hartu zuten CATT Morkaikoko hainbat kideren argazkiak (irudiak: Aralar Mendi kluba)