1899ko irailaren 18 hura mugarria izan zen Elgoibarko historian, eta ospatzeko, ekitaldi ofiziala egingo du Elgoibarko Udalak, eguztenean, Lanbide Heziketako eskola sortzeko baimena ematen zuen agiria sinatu zuenetik 125 urtera. Urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiei hasiera emango diete biharko ekitaldiekin.
Ekitaldia 12:00etan hasiko dute udaletxean. Alkateak eta udalbatzak ongietorria egingo diete erakunde, ikastetxe eta enpresetako ordezkariei, eta 1899ko irailaren 18an jasotako akta irakurriko dute. Ondoren, udalbatza eta udaletxera batutako gonbidatuak Aita Agirre kulturgunera joango dira, Marrazketa Akademiaren lehenengo egoitzara, eta han, Lanbide Heziketako ordezkari historikoekin, egungokoekin eta gainerako gonbidatuekin bilduko dira. Hitzaldi instituzionalen eta omenaldi-ekitaldiaren ostean mokadua izango dute bertan.
Omenduek "iranaga-oraina-etorkizuna" leloa daraman plaka mekanizatua jasoko dute oroigarri gisara. Egunotan egin dituzte IMHko lantegian (goiko irudian).
Trafikoan eta herrigunean eragina
Omenaldi ekitaldiak eragina izango du erdiguneko trafikoan. Izan ere, trafikoa etengo dute 10:00etatik 12:30era bitartean, honako tokietan:
- San Frantzisko kalea (1etik 19rako tartea).
- Kalebarren plaza.
- Errosario kalea.
- San Bartolome kalea.
- Kalegoen plaza.
- Santa Ana kalea (San Ignazio kalearen eta Kalegoen plazaren arteko tartea).
- Udalak barkamena eskatu du mozketa horiek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta aldez aurretik bizilagunen ulermena eta laguntza eskertu ditu.