"Ekitaldia merezitako aitortza izango da Elgoibarko Lanbide Heziketarentzat, baita urte hauetan guztietan prestakuntza horrek gure gizarte-, industria- eta enpresa-ekosistemaren elementu eraldatzaile gisa duen garrantzia ulertu zuten pertsona eta erakundeen ikuspegiarentzat ere", aurreratu dute Udaletik.
Ekitaldiaren berri iragartzeko oharrean Udalak zorionak eman dizkie Lanbide Heziketako ikastetxeei eta industria arloko enpresei, bai eta Elgoibarko herriari ere. "Ahalegin eta dedikazio bateratua izan da eta izango da gure gizartearen funtsezko motorra, teknologiaren eta berrikuntzaren abangoardian". Nabarmendu dute eragile ezberdinen arteko elkar-hartze horri esker, Elgoibarko Lanbide Heziketak aitzindari eta erreferente izatea lortu duela hezkuntzaberrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan (Ethazi), prestakuntza dualean eta Lanbide Heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan, eta Lanbide Heziketak emandako talentu horri esker, inguruko enpresak, industriaelkarteak eta enpresa-elkarteak indartu egin direla.
1899ko irailaren 18an jasotako aktaren irakurketa
Ekitaldia 12:00etan hasiko dute udaletxean. Alkateak eta udalbatzak ongietorria egingo diete erakunde, ikastetxe eta enpresetako ordezkariei, eta 1899ko irailaren 18an jasotako akta irakurriko dute. Ondoren, udalbatza eta udaletxera batutako gonbidatuak Aita Agirre kulturgunera joango dira, Marrazketa Akademiaren lehenengo egoitzara, eta han, Lanbide Heziketako ordezkari historikoekin, egungokoekin eta gainerako gonbidatuekin bilduko dira. Hitzaldi instituzionalen eta omenaldi-ekitaldiaren ostean mokadua izango dute bertan.
Lotura duten albisteak: