Aitortza jaso du Elgoibarrek Bienalean, Lanbide Heziketaren 125. urteurrenean

Barren 2024ko eka. 5a, 16:50

Erreminta Makinaren Azokan aitortza jaso du gaur Elgoibarrek, Lanbide Heziketaren 125. urteurrenean. 

AFMk (Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) antolatu du omenaldia, eta Elgoibarko Udalak 1899ko irailaren 18an, Bernardo Ecenarro irakaslearekin Marrazketa Akademiaren irekiera hitzartu zuenean hartutako erabakia balioetsi dute. Akademia hura 1916an Arte eta Lanbide Eskola bihurtu zen, Elgoibarren Lanbide Heziketaren hasiera formala ezarriz. Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariek hartu dute parte, besteak beste, Elgoibarko Udala, Meka, IMH, Makina Erremintaren Museoa eta Elgoibarko hainbat enpresa. 


Elgoibarko Lanbide Heziketaren historian mugarri garrantzitsuak izan dira, hala nola Elgoibarko Lanbide Heziketako Institutuaren sorrera 1951n, Ikaskuntza Eskolaren sorrera, Eulogio Estarta Fundazioa 1958an, eta Makina-Erremintaren Institutuaren hasiera 1991n.

Aurtengo azokan erreminta makinaren sektoreko 1.500 enpresa baino gehiago bildu dira Bilboko erakustazokan, eta horien artean  Elgoibarko eta Mendaroko hainbat enpresek ere erakutsi dituzte beren produktuak. Elgoibarko Udala ere izan zen inaugurazio ekitaldian, Maialen Gurrutxaga alkatea buru zela.