Pulpo taldeko neskak eta mutilak gailendu dira Gojko Vucinic eskubaloi txapelketan

Barren 2024ko ira. 9a, 13:22

Zumaiako eskubaloi taldeak nabarmendu dira Gojko Vucinicen oroimenezko txapelketaren seigarren edizioan. Lehiatik harago baina, harrobiko eskubaloiaren topagunea izan da txapelketa joan den asteburu osoan.

300dik gora eskubaloi jokalari gazte, kadete mailakoak, batu dira Elgoibarren asteburuan, Gojko Vucinic Elgoibar Hiribildua txapelketaren seigarren edizioan parte hartzeko. Dozenaka partida jokatu dituzte barikutik domekara bitartean, Olaizagan nesken taldeek eta IMHko kantxan mutilenek. 

Pulpo nagusi

Azken urteetan Iruñeko Anaitasunako taldeak nabarmendu dira Sanlok antolatutako txapelketan, baina Zumaiako Pulpok gain hartu die. Iaz moduan, Pulpo taldeak irabazi du txapelketa mutiletan, eta aurtengoan nesketan ere bai. 
Nesketan Ermuko Errotaberri eta Zumaiako Pulpo ailegatu ziren domeka eguerdian Olaizagan jokatu zuten finalera eta Urola kostakoentzat izan zen garaipena: 22-19. Mutilen finala, berriz, Pulpok eta Eibar Eskubaloia taldeek jokatu zuten eta zumaiarrek 28 eta 11 irabazi zieten eibartarrei. 

Balorazio ona

Etxeko taldeei dagokionez, Salento Sanlo nesken taldea bosgarren postuan sailkatu da eta 6. postua eskuratu du mutilenak, Urkunde Sanlo taldeak. Sanlo taldeko arduradunek asteburu osoan bizi izan den giro ona azpimarratu dute eta pozik daude harrobiko eskubaloiaren topaketak eman duenarekin. Talde batzuek besteak baino urrunagotik etortzen dira, Atarrabia eta Iruñeko taldeak, esaterako, eta Aubixan eta inguruko herrietan hartzen dute ostatu horiek.

Hona sailkapenak:
Neskak 

  1. Pulpo EK (Zumaia)
  2. Errotaberri (Ermua)
  3. Eibar eskubaloia (Eibar)
  4. Anaitasuna (Iruñea)
  5. Salento sanlo (Elgoibar)
  6. Malkaitz (Atgarrabia)
  7. Urola (Zumarraga)
  8. Ereintza (Errenteria)

Mutilak

  1. Pulpo EK (Zumaia)
  2. Eibar Eskubaloia (Eibar)
  3. Urola (Zumarraga)
  4. Anaitasuna (Iruñea)
  5. Ereintza (Errenteria)
  6. Urkunde sanlo (Elgoibar)
  7. Urdaneta (Loiu)
  8. Tolosa (Tolosa)

Jokalari onenak 

  • Asun Gomez (Pulpo)
  • Asier Hueso (Anaitasuna)  

Atezain aipagarrienak 

  • Leire Burguel (Errotaberri)
  • Andres Muñoz (Pulpo) 

ARGAZKI-BILDUMA:

Lotura duten albisteak: