Anaitasuna eta Pulpo taldeak gailendu dira Vucinicen oroimenezko txapelketan

Barren.eus 2023ko ira. 14a, 09:07

Kadete mailako hamasei eskubaloi talde, neskenak zein mutilenak, aritu ziren lehian asteburuan IMH eta Olaizaga kiroldegietan, Gojko Vucinic Elgoibar Hiribildua Txapelketaren bosgarren ekitaldian.

Sanlokoak pozik daude asteburu osoan bi kantxetan zein harmailetan bizi izan den giroarekin, ezin hobea izan dela zehaztu baitute, eta eskerrak eman dizkiete taldeetako arduradunei, jokalariei eta zaleei, kantxan moduan harmailetan laguntasuna eta errespetua gailendu direlako. Harmailak hirunegunetan taldeetako zalez beteta egon direla azaldu dute. "Animazioa etenik gabea izan da hiru egunetan, eta zaleek epaileekiko eta gainerako zaleekiko erakutsi duten errespetua erabatekoa izan da".

Kirol emaitzei erreparatuta, Salento Gelati Elgoibarko nesken taldeak eginiko txapelketa azpimarratu behar da, gutxi falta izan baizitzaien etxeko txapelketa irabazteko. Finalera ailegatu ziren eta 17-20 galdu zuten Iruñeako Anaitasuna taldearen aurka. Mutiletan Zumaiako Pulpo taldea izan zen irabazlea, finalean Errenteriako Ereintzari 15-14ko emaitzarekin irabazita.
Jokalari nabarmenenak ere saritu zituzten txapelketaren amaieran. Malen Suarez (Errotaberri) eta Odei Cataña (Ereintza) aukeratu zituzten atezain onenak eta Irene Glaria (Anaitasuna) eta Oier Zuazobide (Pulpo) jokalari onenak.

Hona V. Gojko Vucinic Elgoibar Hiria Txapelketako sailkapenak:
1. postua Neskak - ANAITASUNA ESKUBALOIA
1. postua Mutilak – PULPO ESKUBALOIA
2. postua Neskak – SANLO ESKUBALOIA
2. postua Mutilak - EREINTZA ESKUBALOIA
3. postua Neskak - ERROTABERRI ESKUBALOIA
3. postua Mutilak - URDANETA ESKUBALOIA
4. postua Neskak - PULPO ESKUBALOIA
4. postua Mutilak - SANLO ESKUBALOIA
5. postua Neskak - EIBAR ESKUBALOIA
5. postua Mutilak - ANAITASUNA ESKUBALOIA
6. postua Neskak - MALKAITZ ESKUBALOIA
6. postua Mutilak - EIBAR ESKUBALOIA
7. postua Neskak - UROLA ESKUBALOIA
7. postua Mutilak - UROLA ESKUBALOIA
8. postua Neskak - EREINTZA ESKUBALOIA
8. postua Mutilak - TOLOSA ESKUBALOIA

 • Bi garaipen eta porrot bat Euskal Kopako lehen jardunaldian
Euskal Koparekin hasi dute denboraldia Sanloko taldeek. Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak garaipen batekin hasi du Kopako ibilbidea, Pulpo taldeari 23-25 irabazita Zumaian jokatu zuten partida. Bigarren jardunaldian Erromo izango dute aurkari elgoibartarrek. Zapatuan jokatuko dute partida hori, 19:30ean Olaizaga kiroldegian. Aldiz, babesle berria estreinatu duen senior emakumezkoen Malape Taberna Elgoibar taldeak porrot batekin hasi zuen Kopa txapelketa, Aialaren aurka Zarautzen jokatutako partida 35-19 galdu eta gero. Bigarren jardunaldian ere etxetik kanpo jokatuko dute, domekan, Kukullaga Etxebarriren aurka. Cimde Elgoibar jubenil mailako nesken taldeak ere hasi du Kopa Txapelketa eta 14-21 irabazi zuten Ordizia Eskubaloia taldearen aurkako partida. Zapatuan jokatuko dute bigarren jardunaldiko neurketa, Olaizagan 12:00etan, Basauriko Omega Peripherals taldearen aurka.