Aurreko urteetan bezala, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Kantabriako eskubaloi taldeetako eskubaloi jokalari gazteak lehiatuko dira irailaren 3tik 5era Elgoibarren jokatuko den txapelketan.
Aurtengo ekitaldia berezia izango da Sanlo kirol taldeko kideentzat, eta halaxe adierazi zuten txapelketaren aurkezpenean. "Aurtengoa berezia da guztiontzat, ez baitugu Gojko Vucinic txapelketako aholkularietako bat gure artean izango, beti harrobia landu eta eskubaloia sustatzeko lanean aritzen zena". Hain zuzen horixe da txapelketa hau antolatzearen helburua, jokalari gaztetxoak lehian jartzea eskubaloi taldeetan egiten ari diren harrobiko lana ezagutzera emateko. Sanloko arduradunek zehaztu moduan, Txapelketa honen sustatzaileetako bat izan zen Vucinic, eta, horregatik, klubak txapelketa bere izenean berrizendatzeko erabakia hartu du, eta hemendik aurrera Gojko Vucinic Elgoibar Hiribilduko kadete txapelketa izena izango du.
Aurten bederatzi talde lehiatuko dira, Olaizaga kiroldegiko kantxan neskak eta IMHko kiroldegian mutilak.
Hauek dira parte hartuko duten klubak:
- ZARAUTZ KIROL TALDEA (ZARAUTZ) - Neskak eta mutilak.
- EIBAR ESKUBALOIA (EIBAR) - Neskak eta mutilak.
- SANLO (ELGOIBAR) - Neskak eta mutilak.
- PULPO ESKUBALOI KLUBA (ZUMAIA) - Neskak eta mutilak.
- EREINTZA (ERRENTERIA) - Neskak eta mutilak.
- ERROTABERRI ESKUBALOIA (ERMUA) – Neskak
- UROLA ESKUBALOIA (ZUMARRAGA) – Mutilak
- ANAITASUNA (IRUÑA) - Neskak eta mutilak.
- EL PENDO BALONMANO CAMARGO (CANTABRIA) - Neskak eta mutilak.
Txapelketa barikuan, irailaren 3an, hasiko da. Lehen partidak 18:30ean eta 20:00etan jokatuko dituzte, eta zapatuan goizez, 9:00etan, 11:00etan eta 12:30ean, zein arratsaldez, 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan. Domekan, hilak 5, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketak jokatuko dituzte, 9:00etan eta 10:15ean, eta finalak 11:30ean eta 12:45ean jokatuko dituzte, Olaizagan. Ordutegi berarekin jokatuko dituzte 5. eta 8. postuak erabaitzeko partidak, baina IMHn. Partida guztiak amaitutakoan, sariak banatuko zaizkie parte-hartzaile guztiei, Olaizaga kiroldegian.
• Alcorta eta Gaurve taldeen denboraldiko lehen partida
Sanloko senior mailako talde nagusiek joan den zapatuan, abuztuaren 28an, jokatu zituzten denboraldiko lehen partidak, harmailetan zaleak zirela, aspaldiko partez. Aforo erdiarekin jokatu baitzen Sanlok antolatutako txapelketa. Alcorta Forging Group gizonezkoen taldea kantxaratu zen lehenik, Hendaiaren aurka jokatzeko. Lapurtarrek irabazi zuten neurketa, 18-22ko emaitzarekin.
Ondoren, Hiruko Txapelketa jokatu zuten senior emakumezkoen hiru taldek: Gaurve Asesores Elgoibar etxeko taldeak, Easygas Berangok eta Lauko Ermuko Errotaberrik. Orduerdiko iraupena izan zuen neurketa bakoitzak. Gaurvek eta Berangok jokatu zuten lehen partidan 15-9 irabazi zuten elgoibartarrek. Bizkaitarren arteko norgehiagokan, 10-19 irabazi zion Ermuko taldeak Berangokoari. Azken neurketan 9-12 galdu zuen Gaurvek Laukoren aurka.
∞Lotura duten albisteak: